Politika -

Kurtso politiko berria

Amaiur: 'Erabakitzeko eskubidea gauzatzea denbora kontua baino ez da'

Xabier Mikel Errekondoren eta Rafa Larreinaren ustez, "alferrik" dabiltza "Espainia handi eta askearen eredua betirako inposatu" nahian.

Xabier Mikel Errekondo eta Rafa Larreina, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Xabier Mikel Errekondo eta Rafa Larreina. EFE
Amaiur: 'Denbora kontua da Euskal Herriak bere etorkizuna libre erabakitzea'

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaiurrek Estatu espainiarrari jakinarazi dio "Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea gauzatzea denbora kontua" dela, eta alferrik dabiltzala "Espainia handi eta askearen eredua betirako inposatu nahian".

Xabier Mikel Errekondo eta Rafa Larreina diputatuek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon eta koalizioak 2014/15 kurtso politikoan jarraituko duen ildoa aurkeztu dute: Amaiurren ustez, PPk ez du "sinesgarritasun eta legezkotasunik"  demokrazia birsortzeari buruz hitz egiteko, eta hauteskunde legearen erreformarekin "iruzurra" egin nahi omen dute.

Kurtso politikoa Eskoziako eta Kataluniako erreferendumek markatuko dutela adierazi dute, eta zentzu horretan, gogor kritikatu dute Espainiako Gobernuaren jarrera, Britainia Handikoak ez bezala, Espainiakoak "ukapenari irmo eusten diolako; hainbesteraino ze, jardun demokratiko oinarrizkoenetako bat debekatzera ere iritsi da: herritarrei galdetzea".

"PPren jarrerak erakusten du ez dagoela kultura demokratikorik eta Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa", azaldu dute. "Ez dago eredu eskoziar bat ezta eredu katalan bat ere, Quebeceko eredurik egon ez zen moduan". Euren esanetan, "herriei euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea ematen dien eredua" dago, eta horren aurrean, "eredu antidemokratikoa, Espainiarena, hitza eta erabakia kendu eta bere Estatu eredua inposatzen duena".

Horregatik guztiagatik, Estatuari leporatu diote "Euskal Herriko eta Kataluniko gatazka politikoei erantzun demokratikoa emateko gauza ez izatea, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez", eta eskura dituen baliabide eta tresna guztiak "herrien ahotsa isiltzeko" erabiltzea.

Ildo horretatik, "argi izan behar dute denbora kontua dela Euskal Herriak bere etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea gauzatzea", adierazi dute. "Ezin dute Espainia handi eta askearen eredua betirako inposatu, herritarren borondate demokratikoa isilaraziz", gaineratu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amaiur