Politika -
Urte politikoaren hasiera
Geroa Baik posible ikusten du Nafarroan gobernu aldaketa gauzatzea
Geroa Baik Nafarroako Gobernurako hautagaia eta herri eta hirietako alkategaiak aukeratzeko prozesua abian jarri du. Herritarrek parte-hartze aktiboa izango dute.
Erredakzioa
Geroa Bai koalizioak posible ikusten du 2015eko udal eta foru hauteskundeetan Nafarroan gobernu aldaketa gauzatzea. Uxue Barkosek Nafarroaren subiranotasuna babestu du UPNren "erregimenaren" aurrean eta Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak "zilegitasuna" galdu duela azpimarratu du.
Urte politiko berriaren hasiera ekitaldian, Uxue Barkosek Nafarroa herritarrei "itzultzea" aldarrikatu du. Horren esanetan, hori izan da 40 urtean agindu dutenen beldurra, eta Nafarroa bitan zatitzen eta beren interes pertsonalak lehenesten saiatu direla nabarmendu du.
Uxue Barkosek Nafarroaren subiranotasuna proposatu du UPNren alternatiba gisa. Aipaturiko alternatiba horrek hiru eremu izango ditu: soziala, energetikoa eta fiskala. Barkosen esanetan, "Geroa Baik posible den aldaketa gauzatzeko ardura dauka". Horretarako, egiazko alternatiba eraikitzeko proposamen zehatzak egitea eskatu du "gutxiengoa diren horiek geldiarazteko".
Astelehenetik aurrera Nafarroako presidentegai izateko, Iruñeko Udaleko alkategai izateko eta oro har herri eta hirietako alkategaiak aurkezteko epea zabalduko da. Irailaren 22an amaituko da proposamenak aurkezteko epea eta urriaren 3an koaliziokideek bozketa bidez hautagaiak izendatzeko aukera izango dute. Uxue Barkosen esanetan, prozesu horrekin hasi da datozen hauteskundeetarako "atzerako kontaketa".