Politika -

Pujol auzia

Montorok agerraldia egingo du gaur Kongresuan, Pujol auziaren inguruan

Bestalde, Kataluniako Parlamentuak aho batez eskatuko du Jordi Pujolek ganberan agerraldia egitea, atzerrian erregulatu gabeko kontuak izan zituela onartu ostean.

Cristobal Montoro Ogasun ministroa. EFE.
Cristobal Montoro Ogasun ministroa. EFE.
Cristobal Montoro Ogasun ministroa. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak agerraldia egingo du gaur Diputatuen Kongresuan, amnistia fiskalari buruz eta Pujol auziari buruz azalpenak emateko.

Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia edo bere familia amnistia fiskalaz baliatu ote zen azaldu beharko du Ogasun arduradunak gaurko saioan.

Bestalde, Kataluniako Parlamentuko Gai Instituzionalen Batzordeak astearte honetan aho batez bozkatuko du Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak Kataluniako ganberan agerraldia egitea, hark atzerrian erregulatu gabeko kontuak izan zituela onartu ostean.

Bozketa 09:30ean izango da, Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak CiUk agerraldiaren alde bozkatuko duela aurreratu ostean.

ERCk esan duenez, Pujolek beranduenez ostiralean egin dezake agerraldia, eta, hala egin ezean, iruzurrari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea eskatuko du, eta kasu honez gain ustelkeriarekin zerikusia duten beste batzuk azter ditzakeela gaineratu du.

Ofizialki, astearte honetan Parlamentuak Pujolen agerraldia eskatu ostean jasoko du jakinarazpen ofiziala.

CDC Pujolek Parlamentuan agerraldia egitearen alde azaldu da, eta hala jakinarazi zion Francesc Xavier Sanchez komunikazio koordinatzaileak Kataluniako presidente ohiari abuztuaren 19an Queralbsen (Girona).

Alicia Sanchez Camachok (PP) ere ikerketa batzorde bat sortzea eskatu du. ICVk, berriz, Jordi Pujolen aurka auzitara jotzea eskatu die Artur Mas Generalitateko presidenteari eta Gobernuari.

Fiskaltzak bi helegite jaso ditu Pujol auziaren harian: Manos Limpias sindikatuarena eta Plataforma per Catalunyarena (PxC).

Bestalde, Andorrako Justiziak Auzitegi Nazionalaren esku jarriko ditu Jordi Pujol Ferrusolak Andorran dituen kontuei buruzko informazio guztia, baina diru hori ustelkeriari lotuta dagoela frogatzen bada bakarrik erabili ahal izango du epaileak informazio hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea