Politika -
Urte politiko berria
Lanurte berriaren hasiera, Gasteizko eta Nafarroako parlamentuetan
Oroimenaren Institutuaren gainean sorturiko desadostasunak kudeatu beharko dituzte Eusko Legebiltzarrean. Nafarroan bestalde, udaberriko hauteskundeek markatutako ikasturtea izango da.
Erredakzioa
Udako geldialdiaren ondotik, Gasteizko Legebiltzarrean eta Iruñeko Parlamentuan lan-urte politiko berriari ekingo diote aste honetan, mahai gainean hainbat gai dituztela.
Eusko Legebiltzarrean Memoriaren Institutuaren gainean sorturiko desadostasunak leuntzeko helburuarekin ekingo diote urte politiko berriari.
Legebiltzarreko Mahaiak bilera egingo du asteartean, eta Memoriaren Institutuari buruz jarduteko lantaldearen bilera izango da ostiralean. Aipaturiko lantaldea otsailaren 14an eratu zuten, eta geroztik ez dute bilerarik egin. EAJk eta PSE-EEk hogei bat artikulu dituen testu bat onartu zuten, eta EH Bilduk eta PPk zuzenketak aurkeztu zizkioten. EH Bildu, PP eta UPyD ez datoz bat testuarekin, eta hala jakinarazi zioten koalizioko kideek eta popularrek Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzako idazkari nagusiari uztailaren 3an.
Jonan Fernandezek abuztuaren erdialdean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak proiektu hori bultzatzeko asmoa duela, hain zuzen ere, 2013-2016rako Bake eta Elkarbizitza Egitasmoan jasota dagoena.
Zerga erreforma eta autogobernua mahai gainean, Nafarroan
Nafarroako Parlamentuan ere astelehenean ekingo diote urte politiko berriari. Mahai gainean, zerga erreforma eta Nafarroaren autogobernuaz jarduteko ezohiko osoko bilkura baten deialdia izango dituzte. Halaber, udaberriko hauteskundeek markatutako urte politikoa izango da.
Hauteskundeen gertutasuna dela eta, akordioak lortzeko beharra egongo zela azpimarratu zuen Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak EFE albiste-agentziari eskainitako elkarrizketa batean.
Parlamentuko eztabaidetan hainbat gai jorratuko dituzte; UPNk gutxiengoan onartutako zerga erreforma eta Foruzaingoa eta Udaltzaingoa bateratzeko proposamena, besteak beste.