Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Masek kontsulta deituko duela 'argi' dauka Carod Rovirak
Bestalde, Kataluniako Generalitateko presidente ohiak % 3a salatu zuela adierazi du, CiU finantzatzeko komisioen eran obra publikoak zergapetzeko ustezko portzentajearen harira.
Erredakzioa
Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako Generalitateko presidente ohiak ez du “zalantzarik” Artur Mas Generalitateko presidenteak “Kataluniako Legearekin bat” kontsulta deituko duen inguruan. Halaber, azaroaren 9ko “irudia” “oso grafikoa” izan daitekeela nabarmendu du, “katalanei hautestontzietara joan eta era baketsuan bozkatzea uzten ez dion Espainiarena”.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Carod Rovirak esan du erreferendum batean edota Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan bozkatzen dela.
Carod Roviraren ustez, hauteskunde demokratiko batzuen ostean independentziara iritsi daiteke. “Gauza bakarra dago Generalitateko presidenteak egin dezakeena eta Espainiako presidenteak egin ezin duena, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak deitzea. Kataluniako herritarrek nahi dutena bozkatzea da”, azaldu du. Horren haritik, azaroaren 9an bozkatzeko ahaleginak egingo dituztela nabarmendu du, “era batean ez bada, bestean”. “Baina bozkatu egingo dugu”, azpimarratu du.
Carod Rovira: ‘CiUko buruzagi batek % 5eko komisioa jasotzen zutela esan zidan’
Halaber, Carod Rovirak esan du bere garaian “% 3”arena salatu zuenean, CiU finantzatzeko komisioen eran obra publikoak zergapetzeko ustezko portzentajearen harira, CiUko buruzagi batek “% 5a” zela esan zion.
Carod Rovirak esan duenez, Jordi Pujol kasua “buruan kolpe latza” izan da, mundu guztiari iritsi zitzaizkiolako haren familiaren inguruko irregurtasunei buruzko zurrumurruak, eta presidente ohiak “beste alde batera begiratzen” zuela uste zuten.
Carod Roviraren ustez, “kolpe politikoa baino kolpe morala izan da gehiago”, eta Pujol “alde guztietan familiarra egin zela” nabarmendu du Kataluniako Komunitatean, ia “Kataluniako paisaiaren parte” zen, katalana, europarra, zen, eta “ia guztia zuen”.