Politika -
Miramar Jauregian
Urkullu: 'Krisitik ateratzeko zorroztasuna beharrezkoa da'
Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan ekin dio berriro kurtso politikoari, udarako oporren ostean, ohiko batzorde-bilera eginez Miramar Jauregian, Donostian.
IKER GOMEZ / EITB.EUS
Euskadi krisi ekonomikoaren "unerik gogorrenak" gainditzen ari dela berretsi du Iñigo Urkullu lehendakariak, baina, gai horretan "zuhurtzia" eskatu du eta Jaurlaritza beti "lurraren gainean oinak edukiz" arituko dela azpimarratu du. "Oraindik ez da krisia amaitu", gaineratu du.
"Gure planteamendua beti oinak lurraren gainean eukiz egingo dugu", nabarmendu du Urkulluk, ikasturteko lehen Gobernu bileraren ondorengo agerraldian. Horren harian, egoera ekonomikoak hobera egin duela erakusten duten zenbait adierazle zerrendatu ditu: PBIaren hazkundea, esportazio eta turismo datuak edota langabezia tasa. "Krisiaren unerik larriena gainditzen ari gara, nahiz eta krisian egon", esan du.
Urkulluk bere kezka agertu du Europan "gertatzen ari denarekin" eta Italiak, Alemaniak eta Frantziak bizi dituzten atzeraldiak aipatu ditu. Lehendakariak esan du krisi ekonomikotik ez dela "doikuntzarekin edo murrizketekin soilik ateratzen", zorroztasuna ezarriz baizik.
Gizarte giro ona
Bestalde, Urkulluk herrietako udako jaietan izan den "gizarte giro ona" ere azpimarratu du, eta Euskal Herriko "herri guztietan jaietan jai" izan dela nabarmendu du. "Horrela izan beharko litzateke beti", gaineratu du. Horren harian, Loiun bost autobus kiskali zituztela gogoratu du eta "holako ekimen at izan bada ere", indar politiko guztiek erasoa gaitzestu egin zutela goraipatu du. "Azpimarratzekoa da, ekintza horrek ez du giza babesik izan, inola ere ez".
Familia-argazkia Donostian
Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan ekin dio berriro kurtso politikoari, udarako oporren ostean, ohiko batzorde-bilera eginez Miramar Jauregian, Donostian. Bilera egin aurretik, Jaurlaritzako sailburu guztiek, Urkullu lehendakariak eta Gipuzkoako agintariek urteroko familia-argazkia egin dute Jauregiko eskaileretan.
Banan-banan, goizeko 10:00etan iritsi dira sailburuak, eta Jauregiko kanpoaldean Iñigo Urkullu lehendakariaren zain egon dira Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin eta Julio Astudillo Gipuzkoako Batzar Nagusietako jarduneko presidentearekin batera.
Urkulllu ordu laurden beranduago iritsi da, eta Donostiako txistularien doinuekin harrera egin diote Gipuzkoako agintariek.
Sailburuak agurtu ondoren, Jauregian sartu dira, baina minutu batzuk beranduago, ohiko argazkia egin dute Miramar Jauregiko eskaileratan. Jarraian, eraikinean sartu dira, Gobernu bilera egiteko.
Sailburuak, bilera hasi aurretik. Argazkia: EFE
Bien bitartean, ErNEko ordezkariek protesta egin dute Miramar Jauregiaren kanpoaldean, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuaren eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariaren aurka.
Hastear dagoen kurtso politiko berria, zalantzarik gabe, Euskadirentzako estatus politiko berri baten inguruko eztabaidak, Eskoziako erreferendumaren aurreko egunetan eta Katalunian azaroaren 9rako aurreikusita duten kontsultatik gertu, eta ekonomiak markatuko dute.