Politika -

Valladolid

De la Riva: 'Beldurra ematen dit emakume batekin igogailuan egoteak'

Alkateak esan duenez, "baliteke emakume bat egotea, arazoak sortzeko gogoz, bularretakoa edo gona ken lezake eta, handik irtetean, eraso egiten saiatu direla esatea". Barkamena eskatu du jada.

Francisco Leon de la Riva Valladolideko alkatea. EiTB
Leon de la Riva
León de la Rivak barkamena eskatu du emakumeen inguruan esandakoagatik

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Leon de la Riva Valladolideko alkateak onartu duenez, "beldurra" ematen dio igogailuetan sartzeak, izan ere, "baliteke emakume bat egotea, arazoak sortzeko gogoz, bularretakoa edo gona ken lezake eta, handik irtetean, eraso egiten saiatu dira esatea".

Gainera, ostegunean Onda Cero irratian egindako adierazpenetan, orain dela gutxi izandako bortxaketa bat (egilea ez dute oraindik atxilotu) izan du alkateak hizpide: "Batzuetan, goizaldeko seietan, emakume gazte bat kontuz ibili behar da".

Ondoren, Barne Ministerioak bortxaketak saihesteko emandako gomendioak direla-eta adierazi duenez, igogailu batean sartzea "modu askotara uler liteke".

Horrela, De la Rivaren esanetan, "beldurra" ematen dio igogailu batean "batzuekin" sartzeak. "Igogailuan, baliteke emakume bat egotea, arazoak sortzeko gogoz, bularretakoa edo gona ken lezake eta, handik irtetean, eraso egiten saiatu direla esatea".

Valladolideko neska gazte batek Las Villas parkean bortxatu zutela salatu zuen orain aste batzuk, baina oraindik segurtasun indarrek ez dute erasotzailea aurkitu.

Barkamena eskatu du

Leon de la Rivak prentsaurrekoa egin du gaur, ostirala, adierazpenen horien aurrean barkamena eskatzeko eta horien esanahia zehazteko, hedabideetan, prentsa idatzian eta sare sozialetan kritika eta zeresan ugari eragin eta gero. Atzo arratsaldean, momenturen batean, Leon de la Rivak nazioartean trending topic izatea lortu zuen Twiterren.

Valladolideko alkatearen esanetan, "emakumeen kontrako indarkeria argi gaitzetsi nahi nuen", eta Barne ministroak zabaldu dituen aholkuen harian "testuingurutik ateratzen badira desegokiak" direla esan izana sentitzen duela gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea