Politika -

Polemika

EAEko alderdiak, PP salbu, hauteskunde erreformaren kontra

EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk PPk botoen gehiengoa erabilita mesede egingo liokeen hauteskunde legea erreformatu nahi izatea salatu dute.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak proposatu du erreforma. Argazkia: EFE.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak proposatu du erreforma. Argazkia: EFE.
Irailean ekingo dio hauteskunde legearen erreformari Mariano Rajoyk

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko, PSE-EEko eta UPyDko hainbat ordezkari PPk aurkeztutako Hauteskunde Erregimenaren Lege Organikoaren erreformaren kontra agertu dira gaur. Aldaketa horren arabera, bozka gehien jasotzen duten listek jasoko lukete alkatetzak.

Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du PPk "arrabol antidemokratikoa" erabili duela berriro, hauteskunde legea "perbertitzeko" eta "interes alderdikoietarako".

Bere aburuz, popularrek euren gehiengoa erabiltzen ari dira, "ondoren bete ez duten programa batean oinarrituz lortu dituzten botoekin lortutakoak", gizartearen askatasun demokratikoak "guztiz estutzeko".

Zehaztu duenez, "arrabol antidemokratiko" horren beste "adibide" bat da "hauteskunde legea interes alderdikoien arabera aldatu" nahi izatea.

Quirogak (PP) hauteskunde legearen erreforma defendatzen du, nahiz eta Bilduri onura egin ahal izan

Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak hauteskunde legearen erreforma defendatu du, nahiz eta herri batzuetan Bildu onuraduna izan. Uste duenez, neurri honek "demokrazian aurrera egitea" dakar, eta alkatea "herritarrek nahi dutena" izatea ekarriko luke.

Bilbon egindako adierazpenetan Quirogak azaldu duenez, "Espainiako demokrazia 'impasse' batean dago, nahiz eta diktadura baten ondoren pausoka aurrera egin duen".

"Uste dut, 'impasse' momentu honetan, beharrezkoa dela beste bultzada bat, eta bultzada horretan alderdi politikoak bigarren plano batera igaro behar garela. Herritarrak dira iniziatiba hartu eta bizitza politikoan presentzia are argiagoa izan behar dutenak", adierazi du.

Bere ustetan, "hori lortzeko formuletako bat izan daiteke herritarrek jakitea denen artean aukeratzen duten alkatea benetako alkatea izango dela. Eta apropos bilatutako formula izan da, herritarrek erakutsi baitute politika alderdien eskuetan egon beharrean, beraiengan egotea nahi dutela, erabakiak beraiek hartzen dituztela sentitzea".

Zentzu horretan, ez du ulertzen "zelan, beste alderdi guztietatik, horrelako egitasmoak arbuiatzen dituzten". "Izan ere, kasu batzuetan onuradun nagusia Bildu izan daitekeela esan diezadakete batzuek. Uste dut aurrera egiteko beharrezkoa den neurri bat dela, zerrenda irekiekin bezala", zehaztu du.

Mendia (PSE) "erabat aurka" agertu da

Idoia Mendia, PSE-EEko idazkaritza nagusirako hautagai bakarra, PPk gainontzeko alderdien adostasunik gabe moldatu nahi duen hauteskundeen legearen inguruan "erabat aurka" agertu da.

"Lege batzuk beharrezkoak dira estatu baten antolaketan, eta hauteskunde legeak multzo horren barnean daude. Hor, berebizikoa da alderdi nagusien arteko adostasuna, eta zenbat eta zabalagoa izan, gainera, hobe", adierazi du Mendiak.

Rosa Diez (UPyD): "gainbehera demokratikoa dakarren aldaketa"

Rosa Diez UPyD alderdiaren Kongresuko bozeramaileak RNEn eskaini duen elkarrizketa batean adierazi du Gobernuaren proposamena "ustekabeko kolpea" eta "gainbehera demokratikoa dakarren aldaketa" dela.

"Onartezina iruditzen zait. Demokraziari ustekabeko kolpea da, pluraltasunaren eta demokraziaren oinarrizko joko-arauen aurkako atentatua da, eta espero dut ongi pentsatuko dutela eta ez dutela aldatuko; bestela, aitzindari larria izango litzateke demokrazia batean", azaldu du; Gobernuak gainontzeko talde parlamentarioen babesik gabe aldaketa aurrera eramateaz galdetuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea