Politika -
Auzitegi Nazionala
Auzitegi Nazionalak Gernikako alkatearen aurkako salaketa artxibatu du
Espainiako Auzitegi Nazionalak behin betiko atxibatu du Dignidad y Justicia (DyJ) elkarteak Otegiri bakearen saria emateagatik Gernika-Lumoko alkatearen kontra jarritako salaketa.
Erredakzioa
Espainiako Auzitegi Nazionalak behin betiko artxibatu du Dignidad y Justicia (DyJ) elkarteak Arnaldo Otegiri bakearen saria emateagatik Jose Maria Gorroño Etxebarria Gernika-Lumoko alkatearen kontra jarritako salaketa.
Autoaren arabera, "inon ez da ageri Otegi jauna preso izateagatik edota zuzeneko zein zeharkako ekintza terroristetan parte hartzeagatik saritua izan denik", "bake soziala eta adiskidetzea bultzatzeko, antagonikoak diren ideologiak elkarrengana hurbiltzeko erakutsitako borondateagatik" baizik.
Felix Alfonso Guevara, Maria de los Angeles Barreiro eta Guillermo Ruiz-Polanco epaileek sinatu dute ebazpena. Azkenaren arabera, aipatutako bakea eta adiskidetzea "gizarte espainolean soberan ez dauden gauzak dira".
Epaileen arabera, Gernika-Lumoko Udalak akatsak izan ditzake aipatu errekonozimenduen hartzailea aukeratzeko orduan, "baina hortik merezi ez duen edo guztiz kontrakoa merezi duen bat saritu dutela baieztatzera alde handia dago, eta ezin da baieztatu datu objektiborik gabe".
Horregatik guztiagatik, eta Fiskaltzaren irizpideekin bat eginez, DyJk jarritako helegitea artxibatzea erabaki dute.
Dignidad y Justiciaren helegitea
Biktimen elkartearen esanetan, epaimahaia osatzen zuten kideek "oso ondo zekiten Otegi ETA erakunde terroristako kidea dela, eta Logroñoko espetxean dagoela ETAko kide izateagatik kondenatu zuen sententzia baten ondorioz".
Hala ere, helegitearen arabera, "erabaki zuten saritzea, laudatzea eta publikoki omentzea, goraipatzen duen sari bat emanez, Udalaren webgunean esaten den bezala: Euskal Herrian Bakea lortzearen alde egindako lanagatik".
Iazko apirilaren 26an, Gernika-Lumoko alkateak saria eman zien Arnaldo Otegiren eta Jesus Egiguren euskal politikari sozialistaren alabei, Gernikako bonbardaketaren 76. urteurrenaren harian Lizeo Antzokian egindako omenaldian.