Politika -
Manifestazioa
Gaixotasun larria duten presoak askatzeko eskatu dute Donostian
'Preso Gaixoak Kalera! Giza eskubideak, konponbidea, bakea' lelopean, milaka lagunek zeharkatu dute hiriburua. 11 preso osasun-egoera "oso larrian" daudela salatu dute.
Erredakzioa
Osasun egoera larrian dauden presoak aske uztea eskatu dute gaur, Donostian. Boulevardetik abiatu da manifestazioa, 17:00etan. 'Preso Gaixoak Kalera! Giza eskubideak, konponbidea, bakea' lelopean, milaka lagunek zeharkatu dute hiriburua. Manifestazioaren amaieran, Zuloaga plazan, adierazpen bat irakurri dute: "Egoera jasanezina da. Ahalik eta tratamendu duinena behar dute, eta hori kartzelan ez da posible. Gauzak alda daitezke, egoera bidegabeak aldarazi ditzakegu. Posible da", aldarrikatu dute.
Manifestazioa Artzai Onaren paretik igaro denean, hainbat lagunek antzezpen moduko bat egin dute, presoz jantzita.
Gaurkoan, batez ere, hamaika presoren egoera salatu nahi izan dute, osasun egoera 'oso larrian' daudelako eta euren egoera egunetik egunera "okerrera" egiten ari delako. Garikoitz Arruarte, Ibon Fernandez Iradi, Aitzol Gogorza, Jose Miguel Etxeandia, Txus Martin, Ibon Iparragirre, Ventura Tome, Txus Martin, , Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Inma Berriozabal, Josetxo Arizkuren eta Iñaki Etxeberria presoen egoera aipatu dute, bereziki. 'Euskal presoak etxera' eta 'Presoak kalera, amnistia osoa' oihuak entzun dira martxa guztian zehar.
Mobilizazioan, besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideek eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak hartu dute parte.
Fernandez Iradi, Arruarte eta Gogorza presoak askatzearen aldeko plataformek deitu dute gaurko manifestazioa. Hainbat eragileren babesa jaso du, tartean Etxerat elkartearena eta EH Bildurena.