Politika -
Salaketa
Etxerat: 'Preso baten amari anbulantzia bat ukatu zioten'
Igor Gonzalez Sola presoaren amak eroriko bat jasan zuen Badajozeko espetxean, bisita bat egiten ari zela.
Erredakzioa
Etxerat ETAko presoen familiarren elkarteak "mendekuan oinarritutako" sistema penitentziarioak eragindako "giza eskubideen aurkako beste eraso zuzen bat" salatu du. Izan ere, Igor Gonzalez Sola presoaren amari anbulantzia bat ukatu zioten, bere semeari bisita egiten ari zitzaiola eroriko bat jasan ostean.
Etxeratek abuztuaren 7an, ostegunean, egingo du elkarretaratzea Bilbon, Plaza Biribilan, 18:30ean, gertakaria salatzeko eta familiarekiko elkartasuna adierazteko. Gero, presoaren ama Epaitegira joango da, salaketa ezartzeko.
Prentsaurrekoan, presoaren ama eta arreba egon dira, eta Etxeraten bi ordezkari. Arrebak gertaturikoaren berri eman du, eta esan du uztailaren 26an amak, 76 urte dituenak, Badajozeko kartzela bisitatu zuela, bere ilobarekin (presoaren semearekin).
Kolpe handia, buruan
Esan duenez, topaketan amak laprast egin zuen eta kolpe oso handia hartu zuen buruan. Odola zerion, erruz, eta Igorrek larrialdietako txirrina jo zuen, baina ez zebilen, "nahiz eta kartzelaren txostenak baietz esaten duen"; presoaren arrebaren arabera, hori erabateko gezurra da.
Arrebak, halaber, esan du "25 minutu" igaro zirela bere amak kolpea hartu zuenetik medikua heldu arte, nahiz eta presoak lehenago anbulantzia eskatu. Kartzelatik irten eta gero, beste preso baten familiakoek eraman zuten ospitalera: "13 grapa jarri zizkioten".
Halaber, esan duenez, ospitaletik irten ostean 900 kilometro egin behar izan zituen, etxera bueltatzeko: "Familiakoak errepideetatik ateratzeko garaia da", nabarmendu du.