Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Maixabel Lasa: 'Errekuperatu egin ditugu elkarbizitzarako'

''Berandu, baina iritsi da'', esan du Juan Mari Jauregiren alargunak Ibon Etxezarreta ETAko presoak krimena "kalte bidegabea" izan zela aitortu ostean.

E.A. | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Berandu baina iritsi da'', esan du astearte honetan Maixabel Lasa Juan Mari Jauregiren alargunak Ibon Etxezarreta ETAko presoak barkamena eskatu ostean. Hain justu, gaur 14 urte dira buruzagi sozialista hil zutela, eta Deia egunkarira igorritako gutun batean, krimena "kalte bidegabea" izan zela aitortu du presoak. ''Errekuperatu egin ditugu elkarbizitzarako'', azpimarratu du Maixabel Lasak Euskadi Irratiko elkarrizketa batean.

Ibon Etxezarreta Juan Mari Jauregiren hilketan parte hartu zuen ETAko hiru kideetako bat da, eta egun Langraiz Bidea jarraitzen ari da. Idatzian, presoak bereziki eskertu ditu Jauregiren alargunak, Maixabel Lasak, erakutsitako "esku-zabaltasuna, humanitatea eta laguntza", horren testigantza baliagarri izan baitu "eragindako minaz jabetzeko".

Sorturi egindako eskaerarekin ados

Presoa Sorturi ere zuzendu zaio idatzian, eta bizikidetzaren alde egitea eta "isiltasuna eta immobilismoa" albo batera uztea eskatu dio. Ezker abertzaleari "konpromiso serio" bat hartzea eskatu dio, "blokeo egoera honi buelta emateko". "Gertatutakoaren ardura ezin da militante, preso eta preso ohien bizkarrean soilik utzi, norbere erantzukizun politikoa ekidinez". Hain zuzen ere, eskaera horrekin ados azaldu da Maixabel Lasa, eta Sorturi hausnarketa berdina egitea eskatu dio. Ildo horretan, ezker abertzaleak izandako erantzukizuna nabarmendu du Jauregiren alargunak, eta ‘’besteek egindakoa txalotzen eta antolatzen, instrukzioak ematen’’ aritu izana egotzi die. ‘’Ez da ulergarria edozein metodoa erabiltzea’’, adierazi du.

''Harro''

Radio Euskadin ere hitz egin du Lasak, eta ETAko presoen birgizarteratzeko egindako lanak utzitako emaitzarekin ‘’harro’’ azaldu da. "Gure jarrerak euren hausnarketa bultzatu du’’, gaineratu du.

Rajoyren Gobernua Jauregiren alargunak atsekabea agertu du Rajoyren Gobernua ‘’oso modu negatiboan’’ ari delako espetxe politika bideratzen. ‘’Ezer edo ezer gutxi ari da egiten’’, esan du Maixabel lasak, eta Langraiz Bidea sustatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea