Politika -

14 urte ETA-k hil zuela

Juan Mari Jauregiren hiltzaileetako batek barkamena eskatu du

Ibon Etxezarreta ETAko presoak krimena "kalte bidegabea" izan zela aitortu du, eta "isiltasuna" albo batera uztea eskatu dio Sorturi.

Langraizko (Araba) espetxearen irudia . EFE
Langraizko (Araba) espetxearen irudia . EFE
Langraizko (Araba) espetxearen irudia . EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibon Etxezarreta ETAko presoak barkamena eskatu du Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila zenaren hilketagatik. Hain justu, gaur 14 urte dira  buruzagi sozialista hil zutela.

Deia egunkarira igorritako gutun batean, krimena "kalte bidegabea" izan zela aitortu du presoak.

Ibon Etxezarreta Juan Mari Jauregiren hilketan parte hartu zuen ETAko hiru kideetako bat da, eta egun Langraiz Bidea jarraitzen ari da.

Idatzian, presoak bereziki eskertu ditu Jauregiren alargunak, Maixabel Lasak, erakutsitako "esku-zabaltasuna, humanitatea eta laguntza", horren testigantza baliagarri izan baitu "eragindako minaz jabetzeko".

Eskutitzaren hasieran, Jauregiren aurka egindako atentatuan parte hartu zuela onartu du Etxezarretak eta, 14 urte hauetan, atentatu horren eta gainerako guztien "ondorio larriei buruzko hausnarketan" sakondu gabe aritu dela gaineratu du, "atentatua, Gobernadore zibil ohi baten aurka egin genuela pentsatzera mugatuz, Juan Mari pertsona moduan ikusi gabe".

Presoak azpimarratu du Jauregiri egin ziotena "zuritu ezina" dela, bizitza kentzeaz gain, bere familian "konponezinezko mina sortzeko soilik balio izan zuelako".

Azken urteotan ETAko biktima batzuen lekukoak entzun ditu Etxezarretak, tartean Maixabel Lasarena. "Egindako ankerkeria guztien gainetik pertsona naiz, eta gisa horretako atentatuek familia jakin batzuetan nola eragin duten hunkitu eta mindu egin nau", dio.

Gutuna "oso berandu", ala "beranduegi" datorrela ere esan du Etxezarretak, baina atentatua "bihotzez sentitzen" duela gaineratu nahi izan die Jauregiren familia eta lagunei.

Sorturi egindako eskaera

Presoa Sorturi ere zuzendu zaio idatzian, eta bizikidetzaren alde egitea eta "isiltasuna eta immobilismoa" albo batera uztea eskatu dio.

Ezker abertzaleari "konpromiso serio" bat hartzea eskatu dio, "blokeo egoera honi buelta emateko". "Gertatutakoaren ardura ezin da militante, preso eta preso ohien bizkarrean soilik utzi, norbere erantzukizun politikoa ekidinez".

Oraindik ere "ENAMeko munduan eta mundu honetatik at ere" egindako mina "aitortu gabe" eta "iraganeko autokritikan" sakondu gabe dauden pertsonak badaudela adierazi du presoak. "Baina pentsatu nahi dut, borroka armatuaren bukaerarekin irekitako garai berri honetan, biktima guztiei eragindako bidegabeko minaren aitortza gero eta gertuago dagoela", gaineratu du.

14. urteurrena, gaur

Gaur 14 urte hil zuen ETAk Juan Mari Jauregi, Tolosako taberna batean kafe bat edaten ari zela.

10:30ean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek omenaldia egingo diote, Foru Parlamentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi Ta Askatasuna albisteak