Politika -

Iruzur fiskala

Desengainua eta kritikak izan dira nagusi Pujolen jokaera dela eta

Vilak (CDC) esan du "gaitzesgarria eta onartezina" dela; ERCk "berriro hutsetik hasteko" eskatu dio CiUri eta Camachoren esanetan Kataluniako Zerga Agentzia sortzeko "presak ulertzen dira" orain.

Jordi Pujol epaitegian ikusi nahi du Manos Limpias sindikatuak

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako alderdi politikoak Jordi Pujolek aurreko astean dirua atzerrian, zergarik ordaindu gabe, 34 urtez izan duela onartu ostean sortutako iskanbila politikoaz mintzatu dira. Alderdi batzuek ikerketa batzordea eratzea eskatu dute, eta beste batzuek Pujolen Parlament-eko agerraldiaren zain daude.

Horrela, Jose Montilla 2006-2010 urteetan Generaltitaeko presidentea izandakoarentzat "etsipen handia" izan da Jordi Pujolen jokaera, eta ziur agertu da azalpen gehiago emango dituela.

Montillak azpimarratu duenez, sentimendu hori bozkatu diotenek zein arerio politikoek ere dute, eta Pujolen jokaerak "kalte egin dio herrialdeari eta politikari", sistemarekiko fede falta agerikoa den une honetan.

"Berriro hutsetik hasi"

Anna Simo ERCren bozeramaleak "berriro hutsetik hasteko" eskatu dio CiUri, Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak 34 urtez aitortu gabeko dirua atzerrian izan duela onartu eta gero, baina Parlament-en ikerketa batzorde bat egitearen kontra azaldu da.

Gaur, astelehenean, egindako prentsaurreko batean Simok esan duenez, "ikerketa egin behar duena agintari fiskalak eta epaitegietakoak dira", eta arin egiteko eskatu du,  eta Pujolen familiari diruaren jatorriaren inguruan eskatzen dioten informazioa helarazteko eskatu dio.

"Gaitzesgarria eta onartezina"

Santi Vila Lurralde eta Jasangarritasun kontseilariaren (CDC) arabera, "gaitzesgarria" eta "onartezina" izan da Jordi Puyolek egindakoa, bereziki Puyolek "etika" izan duen eta diskurtso "moralizatzaileak" egiten zituen politikaria izan delako.

Hedabideei egindako adierazpenetan, Vilak esan du Jordi Pujolen izaera tradizionalak "herrialdearen arima kolektiboari" ere eragin dio.

"Aurrea hartzeko" eskaera

Miquel Iceta PSCren idazkariak "aurrea hartu" eta azalpenak emateko eskatu die Artur Mas Generalitateko presidenteari eta Jordi Puyol haren aurrekoari, Pujol paradisu fiskaletan zuen diruaren inguruan zalantzarik egon ez dadin.

Gainera, Pujoli Generalitateko presidentea izateagatik dituen abantailei eta tratamenduari uko egiteko eskatu dio, eta esan du orain arte emandako azalpenak ez direla "batere nahikoak" izan.

"Presak" ulertuta

Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPren presidenteak ziurtatu duenez, Jordi Pujolek egindako ustezko iruzur fiskala ikusita ulertzen da orain CiUk eta Kataluniako Gobernuak izandako "presak" eta "interesa" Kataluniako Zerga Agentzia sortzeko.

"34 urtez kataluniarrak engainatzen eta iruzurra egiten egon dela ikusi ostean, orain gutako askok ulertzen dugu zergatik sortu nahi zuten", esan du PPren Batzorde Exekutibora sartu baino lehen.

"Mitoa desegin da"

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaleak esan duenez, Generalitatearen presidente ohiaren "mitoa desegin da", "zalantzarik gabe".

Estebanek, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, onartu egin du "nazionalismo kataluniarrarentzat kolpe handia" izan dela, baina ziur agertu da ez lukeela Kataluniako galdeketan eraginik izan behar.

C's, agerraldiaren alde

Albert Rivera C's-en buruak Generalitatearen presidente ohiaren agerraldia babesteko eskatu die CiU eta ERCri.

"Jakin nahi dugu Kataluniako Bankuko zorra eta Palau de la Musicako 30rreko zorra Pujolen kontuetan ote dauden", eta azpimarratu du ikerketa batzorde bat eratzea babestuko dutela, Pujolek azalpenak ematen ez baditu, edo nahikoak ez badira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa