Politika -

PSOE-ren berrikuntza

Lopez:'Kataluniarentzako Estatu eskaintza bakarra ezin da ezetza izan'

Bestalde, Eduardo Madina "leiala" izango dela adierazi du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusigaiak.

Patxi Lopez PSOEko Ekintza Politikoko idazkaria. EiTB
Patxi Lopez PSOEko Ekintza Politikoko idazkaria. EiTB
Patxi Lopez PSOEko Ekintza Politikoko idazkaria. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta PSOEko Ekintza Politikoko idazkariak Kataluniarentzako "Estatu eskaintza bakarra" ezin dela "ezetza" izan ohartarazi dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.

"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, Lopezek hizpide hartu du Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berriak eta Rajoyk gaur egingo duten bilera, eta PPren Gobernuak "uneoro jarrera immobilista" izan duela salatu du. "Ezetz iraunkorraren jarrera irain handia izan da Katalunian", gaineratu du.

Horren ildotik, PSOEren eskaintza "eredu federala" dela azaldu du buruzagi sozialistak: "Konstituzioa erreformatu egin beharko genuke, Espainian dauden berezitasunei lekua emateko; eredu federalak konpondu egingo lituzke azken aldian sortutako arazoak".

"Horrenbestez, PSOE arazoak konpontzeko mugitzen ari direnekin elkar ulertzeko prest dago, eta ez geldirik daudenekin", ohartarazi du.

Mendia: 'Madina leiala izango da'

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusigaiak Eduardo Madinaren sentimenduak "ulertu" beharra daudela esan du. Izan ere, PSOEko hauteskunde primarioetako hautagaia kritiko agertu da Pedro Sanchezek osatutako zuzendaritzarekin. Nolanahi ere, Madina "leiala" izango dela aurreratu du Mendiak.

Mendia ez dago PSOEko zuzendaritza berrian, baina garrantzia kendu nahi izan dio horri, eta oraindik ez dela "lurralde buruzagia" gogorarazi du.

"Euskadin eta euskal politikagintzan jarri behar dut arreta", nabarmendu du.

Navarro: 'Ez du inork zuzenduko Sanchezen jarduna'

Micaela Navarro PSOEko presidenteak alderdian ez dagoela "sektorerik"  adierazi du, eta Andaluziako federazioak ez duela zuzendaritza federala gidatuko aurreratu du.

"Sektoreak uztailaren 13an desagertu ziren, militanteek bozkatu zutenean", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak Patxi Lopez azken orduko berriak Aldaketa PSOEn albisteak Pedro Sánchez argazkiak