Politika -

Lehen bilera, Moncloan

Kataluniako kontsulta legez kanpokoa dela diote Sanchezek eta Rajoyk

Nahiz eta puntu horretan erabat ados egon, Sanchez Konstituzioaren erreforma baten alde agertu da. Bileran "desadostasunak adostasunak baino gehiago" izan direla ziurtatu du buruzagi sozialistak.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia Rajoy agurtzen, Moncloan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia Rajoy agurtzen, Moncloan. Argazkia: EFE
Sanchez: 'Kontsulta ezin da egin, legearen aurkakoa baita'

0:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako presidenteak egin nahi duen galdeketa legez kanpokoa dela esan dute gaur Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak eta Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak. Gaiaren inguruan guztiz ados agertu dira bi agintariak, eta kontsulta egingo ez dela uste dute.

PSOEko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman du Moncloako jauregian, ia hiru orduko iraupena izan duen bilera bukatu eta gero.

Nahiz eta puntu horretan erabat ados egon, Sanchez Konstituzioaren erreforma baten alde agertu da. Horrela, Kongresuan batzorde Konstituzionala martxan jartzeko eskatu dio Rajoyri.

Konstituzioa erreformatzeko baldintza politikoak ematen ez direla erantzun dio Rajoyk Sanchezi, Exekutiboko iturriek jakitera eman dutenez

Hala ere, gaurko bileran "desadostasunak adostasunak baino gehiago" izan direla ziurtatu du buruzagi sozialistak. Bilera adeitsua izan dela argi utzi du Sanchezek. Elkarrizketa leiala eta irekia izateko borondatea azaldu dio PSOEko agintariak Gobernuko presidenteari.

Neurri ekonomikoak

Bestalde, seme-alabak dituzten langabeentzako diru-laguntza bat sortzeko eskatu dio PSOEko buruzagiak Rajoyri. Estatuko Aurrekontuetan horretarako dirua dagoela uste du Sanchezek. Zentzu horretan, "Gobernuaren baikortasun" ekonomikoa kritikatu du agintari sozialistak.

Langabeei laguntzeko neurri horren bidez "elkartasunean inbertitzeko" eskatu dio Sanchezek Rajoyri. PSOEko idazkari nagusiaren hitzetan, neurriak ez du "familia askoren sufrimendua arinduko".

Pedro Sanchez Mariano Rajoy EFE

Rajoy eta Sanchez Moncloa jauregian. Argazkia: EFE

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidente berria izendatzeko jarreraz mintzatu ez direla ziurtatu du Sanchezek. Europako Banku Zentralak politikak aldatu behar dituela uste dute bi agintariek.

Rajoyren eskakizuna

PPk irailean, Kongresuan, bultzatu nahi duen eraberrikuntza demokratikoaren inguruko eztabaidan PSOEren "parte-hartze aktiboa" eskatu dio Gobernuko presidenteak Sanchezi. Besteak beste, alkateak aukeratzeko sistema aldatu nahi du Alderdi Popularrak.

Baina sozialisten 'ezezkoa' argi utzi du Pedro Sanchezek: "Ez orain, ezta etorkizunean ere", udalen egonkortasuna bermatzen ez duelako.

Giro lasaia eta irribarreak

Puntualtasunez hasiera eman diote Rajoyk eta Sanchezek bilerari. Irribarreak eta giro lasaia uztartu dituzte aurreneko agurretan.

Moncloa jauregiko eskaileretan itxaron dio Gobernuko presidenteak PSOEko buruzagiari; bertan elkarri eskua eman diote. Sanchez gorbatarekin heldu da, nahiz eta normalean ez erabili.

Elkarri bostekoa eman diote komunikabideen aurrean eta jauregiko atean argazkilarien aurrean paratu dira. Ondoren biak barrura sartu dira, baina kameralariek eserita grabatzeko tartetxo bat izan dute. Atzean Espainiako eta Europako banderak zituzten bi agintariek.

Rajoyk eta Sanghezek berba egin dute giro barean eta irribarreak uztartu dituzte. 17:00k aldera ateak itxi dituzte eta bakarrik geratu dira. Bileraren ostean Pedro Sanchezek prentsaurrekoa emango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea