Politika -

Ezohiko kongresua

Pedro Sanchezek esan du PSOE 'indartsuago eta bat eginda' dagoela

Exekutiba berriak 38 kide izango ditu, aurrekoak bezala, eta botoen % 86 inguru jaso du, Rubalcabak baino sei puntu gehiago.

Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez EFE
PSOEren Ejekutiba Federal berria osatu dute, Pedro Sanchezen taldea

1:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezek biltzarraren itxierako hitzaldian adierazi duenez, gaur egun "txarra" da PSOE alderdi ahula izatea nahi dutenentzat, esaterako, "eskutitz beteen eta kontzientzia hutsen" eskuindarrek, ezohiko kongresuaren ostean, bere alderdia "indartsuago eta bat eginda" dagoelako.

"Hemen gaude berriro ere, zutik, Espainia aldatzeko martxan, beste behin ere", esan du Sanchezek.

Halaber, "egun txarra" da, bere ustean, euren morala inposatu eta ongizate Estatua erre nahi dutenentzat, krisialdia haien "sekreturik aitorrezinenak" errealitate bihurtzeko erabiltzen dituztenentzat eta "Espainiako banderaren babespean euren dirua paradisu fiskaletara eramaten" dutenentzat.

Gainera, Sanchezek salatu duenez, Mariano Rajoyk demokrazia berriro sortzea proposatzen duenean "barne arazoak konpondu nahi ditu" eta zera esan dio: "Demokrazia benetan birsortu nahi badu, erratza hartu eta etxea garbitu dezala".

Idazkari nagusi berriak, halaber, PSOEk PPren Gobernuari alkateak zuzenean aukeratzeko proposamenari emango dion erantzuna iragarri du: "ezetza argia eta garbia", eta, horrez gain, bere ustean PPk Gaztela Mantxan egindako "hauteskunde-iruzur zikina" salatu du.

Sanchezen neurriak

Ondoko zerrendan, Sanchezek hitzaldian iragarritako neurrietako batzuk jasota daude:

-Hiru hilabetean behin PSOEren kontuak sarean argitaratzea.

-Alderdiaren kargudun guztiek errenta plazaratzeko betebeharra ezarri. Hautatutako karguei ondasunen aitorpen gardena eskatzea.

-Gobernuko Presidentetzan agintaldiak mugatu.

-Alderdi politikoen finantzazioa aldatu.

-Hauteskunde zerrendetako blokeoa eten.

-Hauteskundeetan eskatutako botoa aldatu.

-UGT sindikatuarekin, deitutako "suminduekin", baseekin, ezkerreko alderdiekin, kulturako munduarekin, artearekin eta pentsaera progresistarekin modu estuagoan lan egin.

-Sozialistak Moncloara helduz gero, lan-erreforma baliogabetzea eta "galdutako" lan-eskubideak berreskuratu, esaterako, negoziazio kolektiboa.

-PPren Gobernuaren abortuaren legearen erreforma bertan behera utzi, azkenean Rajoyren Gobernuak onartzen badu.

-Energiaren gaineko proiektu bat aurkeztu, energia berriztagarriak berreskuratzeko eta, gainera, "energiaren pobreziarekin" bukatu.

-Mailakatutako erreforma fiskala proposatu, lan-errentak eta kapitalarenak parez pare jarrita, eta iruzur fiskalari aurre egiteko plan bat aurkeztu.

-Inbertsio publikorako plan bat bultzatu, familiek zorra berregituratzeko aukera izan dezaten.

-Erreskatatutako banku bat ez "saldu" horren balioaren azpitik.

-Vatikanoarekin egindako akordioak salatu.

Rubalcabak baino babes gehigo

Pedro Sanchezek gidatutako PSOEren zuzendaritza berriak ordezkarien botoen % 86,1 jaso ditu, egiten ari diren ezohiko biltzarrean.

Pedro Sanchezen taldeak Alfredo Perez Rubalcabaren aurreko zuzendaritzak baino % 6 gehiago jaso du, % 80,42 jaso baitzituen.

Biltzarreko itxiera ekitaldia alderdiaren organoen bozketarekin hasi da; zuzendaritza berriak 38 kide izango ditu, aurrekoak bezala, kide iraunkorrak kontuan hartu barik.

Kargua berretsita

Pedro Sanchez aukeratu zuten atzo, larunbata, PSOEko idazkari nagusi berri. Sanchezek Alfredo Perez Rubalcaba ordezkatu zuen. Biltzarreko partaide guztiek babestu zuten Pedro Sanchezen hautagaitza.

Arratsaldeko saioa hasi bezain laster, Susana Diaz kongresuko presidenteak bildutakoei Sanchezen izendapena berrestea proposatu zien. Diezen aburuz, “momentu historikoa” zen.

Izendapena ez zuten bozkatu, PSOEren 135 urteko historian lehen aldiz.

PSOEren idazkari nagusi berria sozialistek bizi duen aldaketa prozesuaren inguruan mintzatu zen. Sanchezen aburuz, “garai historikoa” da oraingoa, eta “alderdiak espainiarrei hutsik ez diela egingo” gaineratu zuen.

Behetik gorako aldaketa

Izendapenaren ondoren egin duen hitzaldian egin zituen adierazpen horiek Sanchezek. “Sozialistek baiezko argia eman diote behetik gorako aldaketari”, nabarmendu du. Espainiarentzat aldaketa garaia hasi dela ere esan zuen.

“Pausoa bizkotzeko" deia ere luzatu zien Sanchezek sozialistei “milioika lagunek behar baitute PSOE berritu bat”.

Idazkari nagusi moduan eskaini zuen lehen hitzaldian “Ferrazen gutxitan eta militanteak dauden lekuan askotan egongo den idazkaria” izango dela baieztatu zuen. PSOEk “Espainia aldatzen duen ezkerra” ordezkatzen duela ere defendatu zuen Sanchezek.

Exekutiba berriko zenbait kide

Zuzendaritza berria osatuko duten hainbat kideren izenak eman dira jada jakitera.

Antolaketa idazkaria: Cesar Luena.

Ekintza Politikoa, herritartasuna eta askatasuna: Patxi Lopez.

Emigrazio idazkaria: Roberto Jimenez.

Politika federala: Antonio Pradas.

Ekonomia: Manuel de la Rocha Vazquez.

Enplegua: Mari Luz Rodriguez.

Aldaketa klimatikoa eta jasangarritasuna: Pilar Lucio.

Hezkuntza: Jose Miguel Perez

Administrazio Publikoa: Susana Sumelzo.

Ikerketa eta Programak: Meritxell Batet.

Europar Batasuna: Iratxe Garcia

Nazioartea: Carme Chacon.

Erreforma demokratikoak: Ximo Puig.

Zientzia, parte-hartzea eta politika sarean: Maria Gonzalez Veracruz.

Herri txikiak: Manuela Galiano.

Osasuna: Maria Jose Sanchez Rubio.

Gizarte mugimenduak: Pedro Zorolo.

Berdintasuna: Carmen Monton.

Lankidetza eta immigrazioa: Eva Matarin

PSOEren exekutiba berria hogeita hamar pertsona inguruz osatuta egongo denaren ustea zabaldu da, eta, beraz, oraindik ere pertsona gehiago sartuko dira exekutiban.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aldaketa PSOEn argazkiak Pedro Sánchez argazkiak