Politika -

Aldaketa PSOE-n

Micaela Navarro andaluziarra izango da PSOEko presidente berria

PSOEko buru izango den lehen emakumea da 135 urtean; izaera exekutiboa baino sinboliko gehiagoko kargua. Pedro Sanchezek Cesar Luena errioxarra aukeratu du Antolakuntza idazkari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Micaela Navarra andaluziarra izango da PSOEko presidente berria, alderdiaren historian lehen emakume presidentea. PSOEk Pedro Sanchez idazkari nagusi izendatuko duen Ezohiko Batzarra egingo du asteburu honetan, eta dagoeneko jakitera eman dituzte alderdiaren zuzendaritza berria osatuko dutenen lehen izenak. Hala, Cesar Luena errioxarra izango da Antolakuntza idazkari berria.

Egun Andaluziako PSOEko burua da Navarro, eta Jose Antonio Griñanen kargua hartzeko prest agertu da, Sanchezen gertuko iturriek jakitera eman dutenez. Bi karguei eutsiko omen die. PSOEren 135 urteko historian lehen emakume presidentea izango da. Edonola ere, kargu gehienbat sinbolikoa da presidentearena.

Cesar Luena, "bigarrena"

Cesar Luena errioxarra izango da PSOEren Organizazio eta Kanpoko Ekintzako idazkari nagusi eta Pedro Sanchezen kofidantzazko gizona. Sanchezen taldetik jakinarazi dutenez, PSOEren buruak Luena proposatu du arlo horren buru izateko, asteburuan onartuko den zuzendaritza berrian, eta errioxarrak baiezkoa eman du. Luena PSOEren idazkari nagusia da Errioxan eta Sanchezek konfindatzako gizona. Elkarrekin daude Kongresuan, eta Oscar Lopezen lekukoa hartuko du Organizazio Idazkaritzan eta, izan ere, sozialisten "bigarrena" izango da, Sanchezek Idazkaritzaordea kendu baitu.

Kongresuko zalantzak

PSOEk Pedro Sanchez idazkari nagusi izendatuko duen Ezohiko Batzarra egingo du asteburu honetan. Militanteek garaipen zabala eman zioten Sanchezi hauteskunde primarioetan, eta, beraz, horren izendapena izapide hutsa izango da. Hori dela eta, zuzendaritza berrian nortzuk egongo diren da zalantza nagusia.

Kongresua abiatu bezperan, elkarrizketei eutsi die Sanchezek, zuzendaritza berria osatzeko lanetan. Oraingoz izen gutxi eman dira jakitera, Luena baita baieztatutako bakarra. Hala ere, askok Carme Chacon aipatzen dute Nazioarteko Politikaren arlorako. Halaber, exekutiba berrian lurraldeetako buru asko egongo direla zabaldu da. Hainbat arlotan izen aldaketa izango, eta egun Lurralde Politika denak Politika Federal izena hartuko du. Hain zuzen ere, sa¡l horretan ikusten dute askok Patxi Lopez.

Honelakoa izango da PSOEren Batzarra

PSOEren Ezohiko Batzarra larunbatean eta igandean egingo dute, Madrilgo Auditorium hotelean. Ekitaldia larunbateko 09:00etan hasiko da, baina inaugurazio hitzaldia 13:00etan emango du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak. Hainbat foro egin ostean, 18:00etan izendatuko dute Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi. Hurrengo egunean, PSOEko zuzendaritzako kideak izendatuko dituzte, eta Pedro Sanchezek 13:00etan emango dio amaiera batzarrari. Bere lehen hitzaldia eskainiko du orduan PSOEko idazkari nagusi gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aldaketa PSOEn albisteak