Politika -

Bilera, Bilbon

EAJk eta Sortuk elkarlanerako oinarriak bilatzea adostu dute

Bi alderdiak batzartu egin dira Bilbon, eta irailean hartu-emanekin jarraitzea hitzartu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta Sortuk bilera egin dute gaur goizean Bilbon, Sabin Etxean, eta bake-prozesuaren eta estatus juridiko berriaren alorretan "elkarlanerako oinarriak" bilatzea adostu dute.

Bileran Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea izan dira EAJren partetik, eta Hasier Arraiz eta Rufi Etxeberria, Sorturenetik.

Azken asteetan, bi alderdiek tirabira publikoa izan dute presoen egoera dela eta. Horregatik, ezker abertzaleak bilera bat eskatu zion alderdi jeltzaleari, tentsioa baretzeko.

EAJren esanetan, bileran "agerian geratu dira" bi alderdion artean dauden "desberdintasunak", baina akordioak lortzeko prest agertu dira. Izan ere, "bi alderdi biek uste dute euskal gizarteak gutxieneko adostasun batera iristea merezi duela, bake eta bizikidetza prozesuan aurrera egiteko eta Euskadirentzat marko juridiko-politiko berria zehazte aldera".

"Irailean hasiko den aldi politiko berriak aukera berria emango digu alde anitzeko elkarrizketa politikoari ekiteko, bazterketarik gabe, euskal gizartearen arazoak aztertzeko eta konponbidea ematen saiatzeko", jeltzaleek adierazi dutenez.

Sortu ere irailean hartu-emanekin jarraitzearen alde agertu da, "urte luzeetan elkarri mintzatu gabe oraindik bi alderdien artean oinarrizko konfiantza eraikitzeko elkarrizketa asko egiteke baitago eta edozein elkarlan abiatzeko elkarrizketa lehentasuna baita".

Horren ildotik, "zailtasunak zailtasun, aurrerantzean abiatu daitekeen elkarlanerako oinarriak zehazten" ahaleginduko direla azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea