Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Hirikon eta enpresa batean aldi berean egoteagatik kargutik kendu dute

Jose Ramon Fernandez de Mendiola Herri Administrazio eta Justizia Saileko aholkularia kargutik kendu dute Hirikoko finantza arduraduna zen bitartean HUB Gasteizeko sozietateko kidea zelako.

Erkorekak dio Rajoyk ez diola Urkulluri erantzun

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkulluk Mariano Rajoyri egindako eskaerari erantzunik ez dutela oraindik jaso azpimarratu du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak. Bilera egiteko deialdiaren "zain" daudela eta, jarrera horri esker, Rajoyren "arduragabekeria publikoa" agerian geratu dela gaineratu du Erkorekak.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan Urkulluk Rajoyri aste honetan bidalitako gutunari buruz aritu da Erkoreka. Gutun horretan bilera bat egiteko hitzordua eskatu zion lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari, hainbat gai jorratzeko. "Oraindik ez dugu erantzun ofizialik jaso, zain gaude", gaineratu du Erkorekak.

Zerga balantza

Fedea fundazioak Ogasun eta Administrazio Publikoko Ministerioarentzat egindako txostena ere izan du hizpide. Horren arabera, EAEk eta Nafarroak 1.576 eta 35 milioiko balantza fiskal positiboa izan zuten 2011. urtean, hau da, eman zutena baino gehiago jaso zuten Estatutik.

Jaurlaritzaren bozeramailearen hitzetan, Estatu mailan Kontzertu Ekonomikoak eta Kupoa zehazteko sistemak "etsai ugari" ditu; tartean, Ogasun Ministerioak aurkeztutako txostenaren egilea.

"Helburua, une zehatz batean, mezu politiko bat zabaltzea besterik ez da", esan du.

"Aditu talde horren iritzia" aspalditik ezaguna dela kritikatu du Erkorekak, eta talde horren presidentea "Kontzertuaren etsai amorratua da aspalditik", erantsi du.

Fernandez de Mendiola kargutik kendu dute

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Jose Ramon Fernandez de Mendiola Herri Administrazio eta Justizia Saileko aholkularia kargutik kentzea erabaki du, iraganean Hirikoko finantza arduraduna zen bitartean HUB Gasteizeko sozietateko kidea izateagatik.

EH Bilduk Erkorekaren agerraldia eskatu zuen atzo, Fernandez de Mendiolaren egoera salatu eta azalpenak eskatzeko.

Koalizioak zabaldutako informazioa zuzena zela egiaztatu ondoren, kargutik "berehala" kentzea erabaki du Urkulluren Gobernuak, nahiz eta Fernandez de Mendiolaren egungo egoera legezkoa izan.

Bakegintza

Nazioarteko bitartekariekin bilerarik ez egiteko erabakiaren inguruan, Urkullu "mundu horretako aktoreekin harremanetan" dagoela esan du Erkorekak.

"Keinu eta bisita batzuk ez dute ekarpenik suposatzen. Gobernuak hitz egiten jarraituko du, baina lehendakariak ez du zertan bilera guztietan egon behar", azaldu du.

ETAri buruz mintzatuta, talde armatua orain "erakunde zibil bat" dela esan zuen atzo Patxi Zabaletak (Aralar) Radio Euskadin. Erkoreka ez dator bat hausnarketa horrekin, eta "euskal gizarteari iraganean min asko egin zion erakundea" bezala gogoratzea nahiago duela azpimarratu du.

Ekonomia alorrean, PSE-EErekin adostutako akordioak goraipatu ditu Erkorekak. Datozen hilabeteetan "indar handiagoarekin" nabarituko dira akordio horren etekinak, bozeramailearen hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea