Politika -
Fabra auzia
Auzitegi Gorenak kartzelara bidali du Carlos Fabra
Lau urteko kartzela zigorra berretsi du Gorenak Castelloko Diputazioko presidente ohiarentzat, iruzur fiskala egitea egotzita.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Carlos Fabra Castelloko Diputazioko presidente ohi 'popularraren' kontrako lau urteko kartzela zigorra baieztatu du, iruzur fiskala egitea egotzita, El Mundo egunkariak argitaratu duen informazioaren arabera. Beraz, PPko buruzagi ohiak kartzelara joan beharko du zigorra betetzera. Haren emazteari, berriz, urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio.
Defentsak, fiskalak eta Estatuaren abokatuak ezarritako helegiteak atzera bota ditu Gorenak. Fabraren abokatuak absoluzioa eskatu zuen, eta fiskalak eta Estatuaren abokatuak, berriz, zigorra lau urtetik zortzira igotzea. Hala, Auzitegi Gorenak berretsi egin du 2013ko azaroan Carlos Fabrari ezarritako lau urteko kartzela zigorra. Epailearen esanetan, frogatuta gelditu da justifikatu gabe 3,2 milioi euro sartu zituztela Fabraren eta haren emaztearen izenean irekita zuten kontu korrontean.
Castelloko Auzitegiaren epaia ezagututakoan, Gorenaren eta, beharrezkoa izanez gero, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea jartzeko asmoa agertu zuen Carlos Fabrak. Dena den, kartzelara joateko beldurrik ez zuela, eta ez zuela indulturik eskatuko esan zuen orduan. Halaber, Castelloko Auzitegiak ezarritako isun ekonomikoa ordaintzeko dirurik ez zuela nabarmendu zuen. Besteak beste, Ogasunari 693.074 euro ordaintzera zigortu zuten.
2010. urtearen amaieran, Castelloko Probintzia Auzitegiak Fabra epaitzeari uko egin zion, 2000 eta 2003 bitartean Carlos Fabrak eta haren emazteak egindako bost delituetako lau preskribatuta zeudela argudiatuta. Dena den, Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Castelloko Probintzia Auzitegiak hartutako erabakia, eta auzia berriz irekitzeko agindu zuen, delituek ez zutela preskribatu argudiatuta.