Politika -
Ezohiko Batzarra
PSOEren Ezohiko Batzarraren zalantza nagusiak
Pedro Sanchezen izendapena izapide hutsa izanik, PSOEko zuzendaritza berria nortzuek osatuko duten da zalantza nagusia.
Erredakzioa
PSOEk Pedro Sanchez idazkari nagusi izendatuko duen Ezohiko Batzarra egingo du asteburu honetan.
Militanteek garaipen zabala eman zioten Sanchezi hauteskunde primarioetan, eta, beraz, horren izendapena izapide hutsa izango da. Hori dela eta, zuzendaritza berrian nortzuk egongo diren da zalantza nagusia.
PSOEko iturriak aipatuta EFE agentziak azaldu duenez, Sanchezek aurpegi berriak eta ezagunak uztartu nahi ditu zuzendaritza berrian.
Aurpegi ezagunen artean, Javier Fernandez Asturiasko Gobernuko presidentea, Patxi Lopez lehendakari ohia eta Carme Chacon ministro ohia izan litezke zuzendaritzan.
Aurpegi berriak Veronica Perez andaluziarra eta Magdalena Valerio extremadurarra izan litezke, lehenengoa zuzendaritzako kide izanda, eta bigarrena, Kongresuko bozeramaile sozialista gisa.
Antolakuntza Idazkaritzak bi hautagai ditu: Juan Cornejo eta Mario Jimenez. Eta alderdiko presidentea emakumezkoa izatea nahi du Sanchezek.
Oscar Lopez egungo Antolakuntza idazkariak Ferrazen jarraituko du, baina beste kargu batean, eta Trinidad Jimenez ere zuzendaritzan izango da berriz, Sanchezekin oso ondo konpontzen baita.
Ximo Puig eta Tomas Gomez Valentziako eta Madrilgo sozialisten buruek ere lekua izango ei dute zuzendaritza berrian, baina ez Eduardo Madinak, ezetz esan baitio Sanchezi.
Honelakoa izango da PSOEren Batzarra
PSOEren Ezohiko Batzarra larunbatean eta igandean egingo dute, Madrilgo Auditorium hotelean.
Ekitaldia larunbateko 09:00etan hasiko da, baina inaugurazio hitzaldia 13:00etan emango du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak.
Hainbat foro egin ostean, 18:00etan izendatuko dute Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi.
Hurrengo egunean, PSOEko zuzendaritzako kideak izendatuko dituzte, eta Pedro Sanchezek 13:00etan emango dio amaiera batzarrari. Bere lehen hitzaldia eskainiko du orduan PSOEko idazkari nagusi gisa.
Cesar Luena, "bigarrena"
Cesar Luena errioxarra izango da PSOEren Organizazio eta Kanpoko Ekintzako idazkari nagusi eta Pedro Sanchezen kofidantzazko gizona.Sanchezen taldetik jakinarazi dutenez, PSOEren buruak Luena proposatu du arlo horren buru izateko, asteburuan onartuko den zuzendaritza berrian, eta errioxarrak baiezkoa eman du.Luena PSOEren idazkari nagusia da Errioxan eta Sanchezek konfindatzako gizona. Elkarrekin daude Kongresuan, eta Oscar Lopezen lekukoa hartuko du Organizazio Idazkaritzan eta, izan ere, sozialisten "bigarrena" izango da, Sanchezek Idazkaritzaordea kendu baitu.