Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Mendia: 'Ona litzateke Madrilgo exekutiban Euskadiko ahots bat izatea'

Hala ere, idazkari nagusi aukeratzen badute, Pedro Sánchez PSOEko agintari berriarekin "harreman zuzena" izango duela esan du, "hemen ditugun kezkak eta kexak berari zuzenean planteatzeko".

Mendiaren iritziz, ona litzateke exekutiban PSEko 'ahots bat izatea'

IKER GOMEZ

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi berria izateko hautagaiak esan du "garrantzitsua" litzatekeela PSOE berriaren exekutiban Euskadiko "ahots bat izatea" eta, horren harian, Patxi Lopez "aktibo politiko oso garrantzitsua" dela azpimarratu du.

Hala ere, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Mendiak esan du idazkari nagusi aukeratzen badute, Pedro Sánchez PSOEko agintari berriarekin "harreman zuzena" izango duela, hemen ditugun kezkak eta kexak berari zuzenean planteatzeko".

Asteburuan Pedro Sanchez aukeratzeko egingo duten biltzarrari begira, Mendiak nabarmendu du PSOEk bere exekutiba berriarekin asmatzen baldin badu "denontzat ona" izango dela, alderdi sozialista baita, horren hitzetan, "erantzunak eman dituen alderdi bakarra".

Bestalde, PSE-EEko Idazkaritzarako hautagai gehiago izango diren ez dakiela esan du Idoia Mendiak. Irailaren 5era arte abalak aurkezteko epea izango dutela gogoratu du eta, hortaz, tartea badagoela nabarmendu du. "Hala ere, ez dut pauso hori emateko borondatea duen inor ezagutzen", azpimarratu du.

Hemendik aurrera, erronkarik nagusiena "militanteen konfiantza" lortzea izango dela goraipatu du. "Horretan nago orain, eta iraila iritsi bitartean denekin izango naiz, alderdiari eta politikari buruz ditudan ideiak azaltzeko".

PSE-EEko idazkari nagusi aukeratzen badute, exekutiba murritzagoa sortuko du Mendiak, "operatiboak izateko laburragoa izan behar baita". Hala ere, ez du exekutiba berri horren kide kopururik aurreratu nahi izan.

Bestalde, Rajoyri Konstituzioaren erreforma martxan jartzea "berehala”"eskatu nahi diotela baieztatu du Mendiak. "Beste 30 urterako epe bat lortu nahi badugu, nahitaezkoa da garaiz eta lasaitasunez egitea. Pixka bat berandu gabiltza dagoeneko", esan du.

Bateragune auzia

Arnaldo Otegi espetxean mantentzeko Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaz, hasieratik auzia ez dela "baketsua" izan adierazi du. "Ez hasierako auzia, ez epaia, ezta helegiteak ere", gaineratu du. "Egin zen momentuan, gizarteak ez zuen oso ondo ulertu, eta orain hori gehiago nabarmendu da".

Hala ere, Otegi kalean egon beharko litzatekeen galdetuta, Mendiak azpimarratu du horretarako "gizarteratze prozesua" hasita eduki beharko lukeela, "eta ez dakit Otegi eta gainontzekoen egoera hori den ala ez".

Autogobernua

Autogobernuari buruz, Urkulluren "presa" ez duela ulertzen adierazi du. "Klabe politikoan bakarrik ulertu dezaket; EAJ lehia batean dabil Bildurekin, eta lehendakariaren eskariak lehia horri erantzuten diola uste dut", azaldu du.

Legebiltzarrean autogobernua sakontzeko martxan den lantaldeari buruz, PSEk ez dituela "marko legalak" gaindituko berretsi du Mendiak. "Gure agertokia Katalunian dagoena izango bada, ez naiz horretan egongo", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea