Politika -

Ezoihikoa

Autogobernuaren gaineko bilkura, Nafarroako Parlamentuan irailean

Ezohiko osoko bilkuran, autogobernuaren egoera ez ezik, Estatuak lege nafarrei emandako baliabideak ere aztertuko dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaile Batzordeak iraileko lehenengo hamabostaldian autogobernuaren eta, bereziki, Estatuak lege nafarrei emandako baliabideen gaineko ezohiko osoko bilkura egitea adostu du.

Auzitegi Konstituzionalak energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga arautzen duen Foru Legea indargabetu ostean adostu dute osoko bilkura deitzea.

Halaber, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak gai horren inguruan azalpenak emateko premiazko agerraldia egitea adostu dute.

Gaurko bileran, UPNk, Izquierda-Ezkerrak, Bilduk eta Aralarrek Nafarroako autogobernuaren eta horren eskubide historikoen alde egindako proposamenak onartu dituzte.

Enrique Martin PPren bozeramaileak ukatu egin du Estatuaren baliabideak irizpide ideologikoetan oinarrituta izatea, eta "oinarri juridikoak" dituztela azaldu du. Halaber, PPk Nafarroako autogobernuaren eta gaitasun fiskalaren "erabateko defentsa" egiten duela esan du eta, bere ustez, Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazio berrietan "ehuneko ehunean" babestu beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur