Politika -
Bilera Ferrazen
Patxi Lopez, 'Sanchezen esanetara alderdiari laguntzeko'
PSEko idazkari nagusi eta lehendakari ohiak uste du PSOE berriak 'kalea birkonkistatu' behar duela.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak gaur adierazi du PSOEko liderra izango den "Pedro Sanchezen esanetara" dagoela, "edozein militante beti" egongo den bezala, eta sozialisten idazkari nagusiari "laguntzeko prest" agertu da.
Halaxe adierazi du Lopezek Sanchezekin Ferrazen bildu ostean; datorren asteburuan izango den ezohiko batzarrari buruz mintzatu dira bertan.
Lehendakari ohiak esan du "alderdia indartuko duen bilera" izango dela, PSOEren barnean gertatzen denaz gain, kanpoan gertatzen denari "aurre egiteko zuzendaritza irmoa" izango duena. "Politika berriak, hizkuntza berriak eta praktikan jartzeko jende berria behar dituen garai berria da".
Sanchezek bere Gobernuan sartuko duen edo zein postu hartuko duen galdetuta, Lopezek ez du xehetasunik eskaini, eta ez du argitu alderdiko presidentea izatea gustatuko litzaioken. "Proiektuari eta idazkari nagusiari laguntzeko" dagoela bermatu du, eta Sanchezek erabakiko duela "zein kargutan" arituko den.
Hori dela eta, Sanchezen esanetara dagoela adierazi du Lopezek. "PSOEko edozein militantek beti egon behar du idazkari nagusiaren esanetara", azpimarratu du.
Azken bilera Rubalcabarekin
Alfredo Perez Rubalcabaren azken bilera baino lehen, Lopezek esan du PSOEk "erabat indartuta" atera behar duela ezohiko batzarretik, "bat eginda", eta sozialista berriek "kalea birkonkistatu" behar dutela.
"Proiektu honi, idazkari nagusiari eta zuzendaritza berriari laguntzeko prest nago", azaldu du. Lopezen ustez, "pertsona asko daude PSOEn garrantzitsuak direnak, ibilbide luzea egin dutenak, eta beste batzuk, aldiz, orain arte ezkutuan egon direnak baina arazoei aurre egiteko indarra eta gaitasun politikoa dutenak".