Politika -
Rajoy-ri bilera eske
'Rajoy oker dabil Kataluniako arazoa bakarrik duela uste badu'
Lehendakariak azaldu duenez, eskutitz bat igorri dio Mariano Rajoyri bilera eskari bat egiteko, izan ere, hainbat gai jorratu nahi ditu Espainiako Gobernuko presidentearekin.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak eskutitz bat bidali dio aste honetan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari bilera eskari bat egiteko. Urkulluren esanetan, "benetako estatu politika" jorratu nahi du Rajoyrekin, aldebikoa eta adostua izango dena. Bestalde, mezu zuzena helarazi dio Rajoyri esanez oso oker dabilela Kataluniako arazoa soilik duela pentsatzen badu.
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan Urkulluk adierazi du hainbat gai jorratu nahi dituela Rajoyrekin, hala nola, bakegintza eta normalizazio politikoa, eta autogobernua. Izan ere, Urkulluren iritziz, egungo estatu eredua ezberdina da 1979koarekin (Konstituzioa onartu ondoren) eta 1986koarekin (Espainia Europar Batasunean sartu zen urtea) alderatuta.
Lehendakariak galdeketa lotesleak, legezkoak eta adostuak egiteko eskubidea babesten du, eta horren esanetan, Konstituzioak "foru lurraldeen eskubide historikoak aitortzen eta babesten ditu, eta "partekatutako subiranotasun batera eraman gaitzake".
Aldebikotasun eraginkorra aldarrikatzen du lehendakariak, izan ere, euskal herritarren eta Estatuaren artean subiranotasuna partekatzeko lortuko adostasuna (foruak), nahierara kudeatzen ari da aldian-aldian dagoen Espainiako Gobernua, lehendakariaren arabera. "Biktimismoan" erori gabe, euskal herritarren atsekabea nabarmendu du Urkulluk, Autonomia Estatua betetzen ez delako, eskumen eta funtzio ugari Jaurlaritzari igorri ez zaizkiolako edota Espainiako Gobernuak jarrera zentralista erakutsi duelako.
Horrez gain, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa eremuetan egin ez diren aurrerapausoak edota elkarbizitza politikoa normalizatzeko beharraren aurrean "erantzun eza" aipatu ditu.
"Ez dut erantzunik jaso. Harremana ona dela dio Rajoyk, baina ez dugu ezer egiten harremana adeitsua izanagatik erantzunik ez badago", gaineratu du. Hori dela eta, aste honetan bertan eskutitz bat igorri dio Mariano Rajoyri haren gobernuak eta alderdiak berarekin bilera egiteko eskaria onar dezaten.