Politika -

Bitartekarien bisita

Fernandez Diaz: 'ETA desegiteko, segurtasun indarrekin nahikoa dugu'

ETA "Poliziarekin garaitu" dutela errepikatu du Barne ministroak, eta Gobernuaren jarrera "oso argia" dela erantsi du. "Desegin behar dute, hori da egin behar dutena", azpimarratu du.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Armak entregatzeko eta desegiteko eskatu dio berriro Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ETAri. Espainiako Gobernuaren "egiaztatzaileak" Estatuko segurtasun indarrak direla adierazi du. "Desegitea lortzeko, Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin nahikoa eta soberan dugu", esan du ministroak.

Nazioarteko bitartekariek Euskal Herrira egindako bisitari buruz galdetu diote ministroari Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean, Santanderren. "ETAk armak entregatu behar dituela egiaztatzeko, Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin nahikoa du Gobernuak", erantzun du Fernandez Diazek.

ETA "Poliziarekin garaitu" dutela errepikatu du Barne ministroak, eta Gobernuaren jarrera "oso argia" dela erantsi du. Horregatik, erakundea desegiten ez den bitartean, Exekutiboak "lanean" jarraituko duela ohartarazi du. "Desegiten ez den bitartean, bizirik dagoen erakunde bat da, eta, ondorioz, erakunde terroristaren aurka lanean jarraitu behar dugu", azaldu du buruzagiak.

102 atxiloketa

Nahiz eta ETAk 2011ko urriaren 20an borroka armatua behin betiko utzi, legealdi honetan, Espainian eta atzerrian, 102 bi lagun atxilotu dituztela goraipatu du Fernandez Diazek.

"Armak entregatu nahi baldin badituzte, duela hilabete batzuk egindako pantomima alde batera utzita, oso erraz dute: armak non gordetzen dituzten esan dezatela", gaineratu du ministroak.

"Desegin behar dute, hori da egin behar dutena, erakunde terrorista batek gure gizartean lekurik ez duelako", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak