Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Mendiak 'belaunaldi berria' sartuko luke PSE-EEren zuzendaritzan
PSE-EEren idazkari nagusi izateko hautagaiak azaldu duenez, zuzendaritza "murritza" izango litzateke, "politikak eta jokatzeko modua aldatzeko prest dauden kidez osatua".
Manu Gimenez | eitb.com
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusi izateko hautagaiak esan du "belaunaldi berriko" alderdikideak sartuko lituzkeela alderdiaren zuzendaritzan, idazkari nagusi izendatuz gero. Zuzendaritza talde hori "murritza" izango litzateke, eta "politikak eta jokatzeko modua aldatzeko prest dauden kidez osatua", horren esanetan.
Mendiak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "PSE-EEk alderdiaren barruan dagoen belaunaldi berriari ireki behar dizkio ateak" eta "batzuek aurrerapausoa eman behar dute".
Buruzagi sozialistak aitortu du "urteotan" galdu egin dutela "kalearekiko harremana", "alderdiaren barruko barne dinamikan" sartu direla, eta horrek "kalearekiko arreta galarazi die", horren ustez.
Hori dela eta, "nahitaez" aldatu behar dutela azpimarratu du. "Arreta puntua aldatu beharra dago, arreta herritarrengan jartzen saiatu beharra dugu", gaineratu du.
Patxi Lopezek aurkezteko eskatu ote zion galdetuta, Mendiak erantzun du erabakia "pertsonala eta barru-barrukoa" izan dela, eta egungo idazkari nagusiarekin gaiaz hitz egin besterik ez zuela egin.
Horren harira, "egungo egoeran, aurrerapausoa ematea behar-beharrezkoa" zela eta "koldarkeriagatik ez aurkeztea" ez ziola bere buruari barkatuko adierazi du.