Politika -
Bitartekariak, Bilbon
Powell eta McGuinness Loiuko aireportura heldu dira
Nazioarteko bitartekariak 22:00ak aldera heldu dira. Paul Rios Lokarri plataformako koordinatzaileak hartu ditu aireportuan eta Bilbora arte lagundu ditu furgoneta batean.
Erredakzioa
Jonathan Powell Tony Blairren Kabineteko buruzagi ohia eta Martin McGuinness Ipar Irlandako Sinn Fein alderdiaren buruzagi historikoa Loiuko aireportura heldu dira, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Powellek eta McGuinnessek 22:00ak aldera lur hartu dute Loiuko aireportuan. Hegaldiak Londresetik ekarri ditu.
Paul Rios Lokarri plataformako koordinatzaileak hartu ditu aireportuan eta Bilbora arte lagundu ditu furgoneta batean.
Bake prozesuaren blokeoa ikusita, egoeraren diagnostiko bat egingo dute nazioarteko bitartekariek. ETAk ez du pauso berririk eman azken bost hilabeteetan, Ram Manikkalingamen Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeari armak entregatu zizkionetik.
Iñigo Urkullu lehendakaria ez da nazioarteko bitartekariekin bilduko, horien bisita ezker abertzalearen estrategiaren alde egiteko dela argudiatuta. Dena dela, Jaurlaritzak ordezkari bat bidaliko du bitartekariekin biltzera.
Lokarrik bake-prozesuak aurrera egiten saiatzeko antolatutako hurrengo bileretara ere ez joatea erabaki du Urkulluk.
Jonathan Powell eta Martin McGuinness Loiuko aireportura heldu direnean. Argazkia: EFE
EFE agentziak zehaztu duenez, bitartekariak EAJrekin, ezker abertzalearekin eta PSE-EErekin bilduko dira, baina ez PPrekin, ezta UPyDrekin ere.
Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin, Rodolfo Ares PSEko Antolakuntza idazkariarekin eta Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena ezker abertzaleko buruzagiekin bilduko dira.
Bilerak "zerbaiterako" balio izatea espero du Jaurlaritzak
Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, bitartekarien bisitak "ezer gertatu ez dela egiaztatzeko baino zerbait gehiagorako balio beharko luke".
Erkorekak azaldu duenez, lehendakaria "ez dute gonbidatu", eta, beraz, "ez dago bilerarik aurreikusita".
PP, ez
EAEko PPk jakinarazi du uko egin diotela bitartekariekin biltzeari, lehentasuna ETAren historia gaitzesteko akordio zabal bat lortzea delakoan.
Jonathan Powellek eta Martin McGuinnessek iragarritako bisita dela eta, Nerea Llanos PPren EAEko idazkari nagusiak azaldu du ez dutela parte hartuko.
UPyD ere ez
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak, berriz, eskerrak eman dizkio Powelli bilerara ez gonbidatzeagatik, "helburu gezurti eta manipulatzaileak" dituela iritzita.