Politika -

Asteazkenean dira etortzekoak

Lehendakaria ez da nazioarteko bitartekariekin bilduko

Jaurlaritzak ordezkari bat bidaliko du bilerara. Jonathan Powell eta Martin McGuinness asteazken honetan etorriko dira Bilbora, EAJrekin, ezker abertzalearekin eta PSE-EErekin biltzeko, besteak beste.

Jonathan Powell nazioarteko bitartekaria. EiTB
Jonathan Powell nazioarteko bitartekaria. EiTB
Erkorekaren ustez ezker abertzaleak konpromisoak bete behar ditu

0:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria ez da nazioarteko bitartekariekin bilduko, horien bisita ezker abertzalearen estrategiaren alde egiteko dela argudiatuta. Dena dela, Jaurlaritzak ordezkari bat bidaliko du bitartekariekin biltzera.

Hain zuzen ere, Jonathan Powell britainiarra eta Martin McGuinness Ipar Irlandako lehen ministroordea bihar dira etortzekoak Bilbora, ETAren desarmea blokeatuta dagoela-eta hainbat eragilerekin hartu-emanak izateko.

EFE agentziak zehaztu duenez, bitartekariak EAJrekin, ezker abertzalearekin eta PSE-EErekin bilduko dira, baina ez PPrekin, ezta UpyDrekin ere.

Lokarrik bake-prozesuak aurrera egiten saiatzeko antolatutako hurrengo bileretara ere ez joatea erabaki du Urkulluk.

Otsailean, nazioarteko egiaztatzaileek ETAren desarme keinu baten berri eman zuten, eta Urkullu horiekin batzartu zen.

Orain, baina, egiaztatzaileek aurrerapausorik izan ez dela egiaztatu eta ezer berri ez dagoela esan behar badute, Urkullu ez da horiekin bilduko.

Bilerak "zerbaiterako" balio izatea espero du Jaurlaritzak

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, bitartekarien bisitak "ezer gertatu ez dela egiaztatzeko baino zerbait gehiagorako balio beharko luke".

Erkorekak azaldu duenez, lehendakaria "ez dute gonbidatu", eta, beraz, "ez dago bilerarik aurreikusita".

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari bat bai, nazioarteko bitartekariarekin bilduko da, Jaurlaritzak geroago, bileraren helburuak eta arrazoiak aztertu ostean, iragarri duenez.

PP, ez

EAEko PPk jakinarazi du uko egin diotela bitartekariekin biltzeari, lehentasuna ETAren historia gaitzesteko akordio zabal bat lortzea delakoan.

Jonathan Powellek eta Martin McGuinnessek iragarritako bisita dela eta, Nerea Llanos PPren EAEko idazkari nagusiak azaldu du ez dutela parte hartuko.

Llanosek prentsa-agiri batean adierazi duenez, bitartekarien bilera horiek "geroz eta mugimendu hutsalagoak dira, baita ETAren terrorismoaren orrialdea ixteko erabili nahi izan dituztenentzat ere".

UPyD ere ez

Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak, berriz, eskerrak eman dizkio Powelli bilerara ez gonbidatzeagatik, "helburu gezurti eta manipulatzaileak" dituela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Urkullu