Politika -
Aldaketa PSE-EEn
Idoia Mendiak aurkeztu egin du PSEko idazkari nagusirako hautagaitza
Astearte honetan emango du asmoen berri, prentsaurrekoan. Egaña eta Torres lehiakide izango dira Bizkaian; Arriolak hautagaitza aurkeztu du Gipuzkoan; eta Cristina Gonzalez lehian izango da Araban.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak erregistratu egin du Euskadiko sozialisten idazkari nagusirako aurre-hautagaitza. Militanteek zuzenean aukeratuko dute PSEren buru berria, irailaren 16an. Ondoren, ez-ohiko batzarra egingo dute EAEko sozialistek, irailaren 20an eta 21ean.
Gaur bertan jakinarazi die Mendiak bere asmoa PSE-EEren Ez-Ohiko Biltzarraren Batzorde Antolatzaileari eta Bermeen Batzordeari, hautagaiak berak jakitera eman duenez. Goizean, dimisioa aurkeztuko du bozeramaile eta PSE-EEren Batzorde Exekutiboaren kide gisa.
Bihar egingo du agerraldia Idoia Mendiak, hautagaitza jendaurrean aurkezteko. Momentuz, bera da PSE-EE gidatzeko hautagaitza aurkezteko asmoa agertu duen bakarra.
Prozesua
Hiru lurraldeetan gutxienez 500 berme lortu behar ditu (guztira, 5.000 dira afiliatuak), hautagai izendatu dezaten. Irailaren 5ean bukatuko da horretarako epea.
Helegiteentzako epearen ondoren, gutxieneko bermeak lortu dituzten hautagaiak izendatuko dituzte. Biharamunean hasiko da hauteskunde kanpaina, eta irailaren 16an bukatu. Egun horretan bozketak egingo dituzte, eta irailaren 20ko eta 21eko ez-ohiko batzarrean izendatuko dute Euskadiko PSE-EEren idazkari nagusi berria.
Iñaki Egaña eta Mikel Torres, Bizkaian
Bestalde, Iñaki Egaña eta Mikel Torres sozialistak izango dira lehian Bizkaiko buruzagitzarako. Egaña sozialisten bozeramailea da Batzar Orokorretan, eta Torres, berriz, Portugaleteko alkatea.
Torresen hautagaitza ofizial egin dute gaur eta, hala, bermeak lortzeko prozesuari ekingo diote orain. Gutxienez, 433 berme lortu behar dituzte (3.000 dira afiliatuak Bizkaian). Irailaren 5a arte dute bermeak lortzeko epea.
Iñaki Arriolak hautagaitza gauzatu du Gipuzkoan
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak ofizialki aurkeztu du gaur alderdiaren buru izateko hautagaitza. Oraingoz, bera da asmo hori agertu duen bakarra. Gipuzkoako sozialistek ere irailean egingo dute ez-ohiko batzarra.
Cristina Gonzalez, Arabako PSEren buruzagitzarako lehian
Bestalde, Cristina Gonzalez sozialistek Arabako Batzar Orokorretan duten bozeramaileak ere asmoa agertu du Txarlio Prietoren lekukoa hartzeko. Araban, gainera, hautagaitza aurkezteko aukera ari da aztertzen sektore kritikoa.
PSEko iturriek jakitera eman dutenez, orain arte Ivan Ruiz de Eguilazek, Jose Maria Salbidegoitiak eta Cristina Gonzalezek azaldu dute lehian aritzeko asmoa.