Politika -
Katalunia
Masen aholkulariak, EBtik kanpo izanda ere euroa mantentzearen alde
“Estatu berriarentzat komenigarria izango litzateke euroa moneta bezala mantentzea, hori aldatzeak ekarriko lituzkeen kostuak ez liratekeelako oso jasangarriak izango”, azaldu du bozeramaileak.
Erredakzioa
Trantsizio Nazionalerako Batzorde Aholkulariak, prozesu soberanistan Artur Mas presidentea aholkatzen duen organismoak, astelehen honetan esan duenez, gomendagarria izango litzateke Kataluniako Estatuaren etorkizunarentzat euroan jarraitzea, eta moneta mantentzeko arazorik izatea ukatu du, Katalunia Europar Batasunetik kanpo izanda ere.
“Estatu berriarentzat komenigarria izango litzateke euroa moneta bezala mantentzea, hori aldatzeak ekarriko lituzkeen kostuak ez liratekeelako oso jasangarriak izango”, azaldu du , Carles Viver Pi-Sunyer Batzorde Aholkulariko presidente eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohiak.
Viver Pi-Sunyerrek, Francesc Homs Kataluniako Presidentetzako bozeramailearekin batera, Generaliateko Jauregian emandako prentsaurrekoan Batzordearen lau txosten aurkeztu ditu, aktiboen eta pasiboen banaketari, moneta-politikari, prozesu sortzaileari eta uraren eta energiaren horniketari buruz. Espainiaren eta Kataluniaren arteko aktiboen eta pasiboen banaketari dagokionez, Batzorde Aholkulariko presidenteak esan du nazioarteko legedian gutxi erregulatutako itxura duela.
Halere, Kataluniak Estatuaren “zor horien zati bat bere gain” hartu beharko lukeela azaldu du, era “proportzionalean” ondasunen transferentziekin konpentsatzen dion bitartean betiere, zifrak zehaztu gabe. Alde hori negoziazio baten esku utzi du; Estatuen balizko banaketaren aurretik edo geroago egin litzatekeela nabarmendu du.
Katalunia Europar Batasunetik irtengo balitz, Pi-Sunyerrek esan du badaudela EBtik kanpo euroarekin funtzionatzen duten herrialdeak, eta, testuinguru horretan, Europako Banku Zentraleko kreditura sartzeko mekanismoak izango liratekeela gaineratu du.