Politika -

Elkarrizketa 'Boulevard'en

Presoen egoerari buruz hitz egiteko bilera eskatu dio Arraizek EAJri

"Egoera bideratzeko" bilera eskatu dio Sortuko presidenteak Ortuzarri. Sakabanaketarekin bukatzeko Exekutibo zentralari "presio egiteko" eskatu dio Arraizek Jaurlaritzari.

Hasier Arraiz Sortuko presidentea Radio Euskadi irratian. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz Sortuko presidentea Radio Euskadi irratian. Argazkia: EiTB
Egoera bideratzeko bilera eskatu dio Arraizek Ortuzarri

Eriz Lotina | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteetan presoen inguruan sortutako polemika atzean uzteko bilera eskatu dio gaur Hasier Arraiz Sortuko presidenteak Andoni Ortuzar EBBko presidenteari. Arraizen hitzetan, buruzagi jeltzaleen adierazpenak eta erantzunak "geldiarazi beharreko tentsio dialektiko baten parte dira".

Arraiz Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan elkarrizketatu dute. "Erantzukizuna Madrilgo Gobernuarena" dela argi utzi du Sortuko buruzagiak. 65 preso baino gehiagok Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara hurbiltzeko eskakizunak egin dituztela azpimarratu du Arraizek. "Orain arte guztiak atzera bota dituzte", esan du.

Horregatik, sakabanaketarekin bukatzeko Exekutibo zentralari "presio politikoa egiteko" eskatu dio Arraizek Eusko Jaurlaritzari. "Arduradun eta errudun nagusia Madrilgo Gobernua da", errepikatu du.

Hala ere, Sorturen eta EAJren arteko bilera eskatu du "egoera bideratzeko". "Sorturen borondatea tentsio dialektikoa amaitzea da", erantsi du.

Powellen eta McGuinnessen bisita

Bestalde, Jonathan Powell Erresuma Batuko kabinete buru ohiak eta Martin McGuinness Ipar Irlandako lehen ministrordeak Euskal Herrira aste honetan egingo duten bisita hizpide izan du Arraizek.

"Zehazki zer espero ez dakit", aitortu du Sortuko agintariak, baina bake prozesuaren jarraipen bat egitera eta aldeen diagnostiko bat jasotzera datozela gaineratu du.

Gainera, bake prozesuan "ezer gertatzen" ari ez dela esaterik ez dagoela uste du Arraizek.

Koerabakia

Azkenik, koerabakian oinarritutako kontzertu politikoaren azken eskaintza kritikatu du ezker abertzaleko ordezkariak. "Benetan, bide hori agortuta dagoela uste dugu, eta ez da hasi ere egingo", adierazi du Arraizek.

Espainiako Estatua "menderakuntza dinamika" batean dagoela uste du Sortuko presidenteak. "Koerabakia ez da existitzen", gaineratu du. "Kataluniako adibidea ikusita ezinezkoa dela bistakoa da", esan du.

Horregatik, Euskal Herrian prozesu politiko bati hasiera ematearen aldeko apustua egin du Arraizek, "Madriletik beto politikoa bakarrik helduko delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak