Politika -
Hilabete
PSOEren buru izateko hautagaiek kanpainako azken eguna dute gaur
Hiru unek sortu dute polemika kanpainan: babesen lehiak, hautagaien debateak eta "joko zikina"ren salaketak. Bihar PSOEk idazkari nagusi berria izango du.
Erredakzioa
Gaur, larunbata, bukatuko da PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaien kanpaina, hilabeteren ondoren, eta denbora-tarte horretan hiru hautagaiek alderdiaren itxura aldatzeko ahaleginak egin dituzte.
Kanpainak iraun duen hilabetean, hiru unek piztu dute polemika: : babesen lehiak, hautagaien debateak eta "joko zikina"ren salaketak.
Kanpainan, Pedro Sanchez, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias hiru hautagaiek ez dute etenik izan, hautagaitzek ahalik eta babes gehien jaso zezaten, hasieran, eta ondoren "historikotzat" jo duten prozesu honen amaieran ahalik eta boto gehien batzeko.
Babesak
Babesak biltzeko kanpaina bukatu ondoren, Sanchezek 41.338 babes lortu zituen, Madinak 25.238 eta Perez Tapiasek 9.912. Madinak, une horretan, botoak lurraldeka sailkatzea eskatu zuen.
PSOEren Zuzendaritzak onartu zuen Madinak egindako eskera, eta datuetan ikusi zuten Sanchezek Madinak baino bost bider boto gehiago jaso zuela Andaluzian. Madina, ordea, hautagai bozkatuena izan zen Asturiasen, Extremaduran, Kantabrian, Katalunian, Murtzian eta Melillan.
Debatea
Aurreko astelehenean esperotako debatea egin zuten hirurek Ferrazen, PSOEren egoitza nagusian, Madrilen. Hirurek debate "garbia" egin zuten, baina Madina eta Sanchezen arteko "feeling" eza agerikoa izan zen eta biek gogor jardun zuten aurkariarekin zenbait gaietan, esaterako, Kataluniako aferarekin, Kongresuko zuzeneko bozketa, alderdiaren ezagutza eta norberaren jatorria.
Debatearen ondorengo ajeak egun batzuk iraun zituen, eta ostegunean plazaratutako albiste batek kanpainaren azken egunak ilundu ditu: El Confidencial hedabideak jakinarazi zuen Pedro Sanchez Caja Madrilen egondakoa dela.
Madrilgo diputatuak, hori ikusita, hedabideak deitu zituen Kongresuan eta baieztatu egin zuen Caja Madrilen izan zela baina, Sanchezen hitzetan, Madrileko zinegotzi zelako. Sanchezek baieztatu zuen ez zuela "zer ezkutatzerik" eta banku horren kudeaketarekin ez duela "zerikusirik".
Madina: 'Galtzen badakit'
Eduardo Madinak gaur esan duenez, bihar "edozer gauza gertatuta ere", kongresu "bateratzaile" baten alde lan egingo du, galtzen badu ere bai, eta berak ez du "txio oker edo keinu oker" bat egingo, kanpaina "garbi" baten ondoren.
"PSOEk aparteko prozesu bat bizi izan du. Alderdi honen emozio sakonenera egindako bidaia izan da, Europako hauteskundeen ostean etsita heldu zen kongresura, eta orain hilabete ez zuen indarra batu du orain. Zoriontsu naiz", esan du.