Politika -

Ikerketa Batzordea

Oposizioak EAJren kargudunei egotzi die Epsilonen porrotaren ardura

EAJk, berriz, ukatu egin ditu Carmelo Barriok (PP) Epsilon eta Hiriko egitasmoen porrotaren inguruan egindako txostenean aipatutako ondorioak.

Epsilon eta Hiriko proiektuen porrota ikertzeko batozordea Legebiltzarrean. Argazkia: EITB
Epsilon eta Hiriko proiektuen porrota ikertzeko batozordea Legebiltzarrean.
Alderdiek iritzi kontrajarriak dituzte Hiriko-Epsilon aferari buruz

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko talde parlamentario guztiak bat etorri dira Epsilon eta Hiriko automobilgintza proiektuen porrotaren ardura politikoa EAJren kargudunei leporatzerakoan.

Bi egitasmoak diru publikoa erabilita gauzatu ziren. Epsilonen kasuan, Ana Agirre jeltzalea edo Arantza Tapia Ekonomia sailburua aipatu dituzte erantzule politiko bezala.

Hiriko ibilgailu elektrikoa garatzeko proiektuari dagokionez, talde guztiek ez ditu horren argi ikusten zeinena den ardura politikoa. EH Bilduk, baina, Arantza Tapiari egotzi dio erantzukizuna, prototipoaren patenteez behar bezala ez arduratzea leporatuta.

Laguntza publikoa jaso zuten aipatu bi egitasmoen porrotaren arrazoiak argitzeko asmoz, ikerketa ireki zuten Legebiltzarrean.

Carmelo Barrio (PP) ikerketa batzordeko presidenteak joan den astean aurkeztu zuen txostena eta gaur taldeek euren zuzenketak aurkeztu dituzte.

Datorren osteguneko bilkuran eztabaidatuko dituzte auzi honen inguruko ondorioak Legebiltzarrean.

PSE eta EH Bildu bat datoz aipatu txostenean azaltzen diren ondorio nagusiekin, baina koalizio soberanistak zehaztapen gehiago behar direla uste du eta “ustelkeria trama” horren atzean dauden erantzule politikoen izen-abizenak argi adieraztea eskatu du.

UPyDk ere ontzat eman du ikerketa batzordearen behin-behineko txostena, baina alegazioak aurkeztu ditu, Jose Luis Rodriguezek zuzentzen zuen Espainiako Gobernuak eta Xabier Agirreren (EAJ) agindupean zegoen Arabako Diputazioak ere laguntzak eman zituztelako.

EAJk, berriz, leporatu dizkioten ardurak ukatu ditu eta ikerketa batzordearen txostena “partziala, ez-osoa eta alderdikoia” dela salatu du.

Hala ere, Arantza Tapiak erantsi du ematen diren laguntza publikoen jarraipenerako mekanismoak hobetu egin behar direla, horrelakorik berriro ez gertatzeko.

Ikerketaren arabera, irregulartasunak izan ziren Bat Formulan lehiatzea helburu zuen Epsilon proiektuaren garapenean. Egitasmoak finantzazio pribatuaren faltagatik eta laguntza publikoetan oinarritzeagatik egin zuen porrot.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea