Politika -

Bozeramailearen hitzen ostean

Sortu: 'Erkorekak maltzurkeriaz jokatzen du eta gezurretan ari da'

Hasier Arraizek Jaurlaritzari leporatu dio "garaituak eta garaileak izatea helburu duen estrategia makabroa babestea", ETAko presoak umiltzeko asmoz, PPk nahi duen bezala.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasiera Arraiz Sortuko presidenteak adierazi duenez, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak  maltzurkeriaz jokatzen du eta gezurretan ari da. Arraizen esanetan, Erkorekak badaki presoek Langraizko kartzelara etortzea banan-banan eskatu dutela, eta eskaerak modu ilegalean ukatzen ari zaizkiela; baina EAJ hori guztia ezkutatzen ari dela gaineratu du.

Arraizek prentsaurreko agerraldia egin du Donostian Rufi Etxeberria ezker abertzaleko ordezkariarekin batera, eta Josu Erkorekak atzo, larunbata, egindako adierazpenak izan ditu hizpide. Erkorekak esan zuen ez dela lortu ETAko presoak gizartzeratzea eta ez direla betetzen ari espetxe-legedia onartzeko hartutako konpromisoak.

Ildo horretatik, "garaituak eta garaileak izatea helburu duen estrategia makabroa babestea" leporatu dio Arraizek Jaurlaritzari, "ETAko presoak umiltzeko, PPk nahi duen bezala".

Sortuko ordezkariaren esanetan, egin egiten ari dira banako eskaerak Langraizko espetxera (Araba) hurbiltzeko, eta betetzen dituzte legeak hori lortzeko eskatzen dituen baldintzak.  Arraizen ustetan, Erkorekaren hitzok "EAJren eta Jaurlaritza beraren  jarrera inboluzionistaren seinale dira".

Halaber, Arraizen arabera, Erkorekaren jarrera "onartezina eta oso larria" da, badakielako presoak banako eskaerak egiten ari direla. Hortaz, "maltzurkeriaz jokatzen ari da, eta gezurrak esaten", gaineratu du. EAJri bere jarrera bideratzeko eta "PPren gobernuari mendeku hartzeko politika kriminalak ezartzeari utz diezaion presio egiteko" eskatu dio. Horrez gain, ETAko presoei ezartzen zaizkien "salbuespen neurriak" bertan behera uzteko ere eskatu du.

Ezker abertzaleko kideak nabarmendu duenez, lekualdatzeko eskaria egin duten presoek betetzen dituzte legeak ezarritako baldintzak: banakako eskaera bideratzea eta presoaren etxetik gertu espetxe bat egotea. “Biak betetzen dira", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sorturen azken albisteak Hasier Arraiz berriak