Politika -

Noos auzia

Delituak ukatu baina irregulartasun fiskalak aitortu ditu Urdangarinek

Inputazioen kontra jarritako helegitean, defentsak dio bere prestakuntzagatik lortu zituela kontratuak Urdangarinek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Urdangarinen defentsak ukatu egin ditu Jose Castro Noos auziko instrukzio epailek egotzitako delitu guztiak; hala ere, onartu egin ditu balizko hainbat ''irregulartasun'', hain zuzen ere, ''zerga-irregulartasun administratiboak''.

Mario Pascual Vives Urdangarinen abokatuak 24 inputazioetako 8 delituetatik libratzea eskatu dio Palmako Auzitegiari. Hain zuzen ere, ekainaren 25ean Castro epaileak kaleratutako autoan biltzen ziren inputazio horiek.

Auto horren aurrean, 16 orriko helegitea aurkeztu zuen joan den asteazkenean Urdangarinen defentsak. Bertan dionez, ez dago zantzu nahikorik Cristina Borboikoaren senarrari zortzi delitu horiek leporatzeko (bidegabeko erabilera, prebarikazioa, iruzurra, influentzia-trafikoa, dokumentuak faltsutzea, maula, falsifikazioa eta delitu fiskala).

Edonola ere, ''onartu' egin du ''balitekeela'' 2007 eta 2008an Urdangarinek hainbat irregulartasun fiskal egin izana. Helegitearen arabera, administrazioaren bidetik jorratu beharko lirateke horiek, ''inoiz ez bide penaletik'', ez dituztelako urtean 120.000 euroko muga gainditzen.

Negozioak bere prestakuntzagatik lortu zituela defendatu du

Halaber, Urdangarinek defendatu egin du bere prestakuntzagatik lortu zuela negozioak egitea, ''goi-mailako kirolaria izateagatik''', eta ''ez soilik'' Errege Etxeko kidea izateagatik.

Helegite horretan, defentsak dio ''egia'' dela Urdangarin Espainiako erregearen suhia izan zela eta orain Espainiako erregearen koinata dela, baina familia-egoera hori ez dela kontuan izandako faktore bakarra bere jarduera profesionala jorratzerakoan.

Kontratuak administrazio publikoekin

Noosek Balearretako eta Valentziako administrazio publikoekin egindako kontratuen harian, defentsak argudiatu du horien bidez 795.732 euro (923.049 euro BEZ barne) jaso zituela, eta, hala ere, epaileak 6 milioi euroko bermea ezarri ziola.

Instrukzioaren itxiera ''goiztiarra''

Mario Pascual Vives abokatuak bere idatzian salatu du defentsarako eskubide urratu egin dela, ez duelako ikerketen emaitzak denbora nahikoarekin ezagutu. Hala, instrukzioaren itxiera ''goiztiarra'' da, defentsaren hitzetan, eta kritikatu egin du Castro epailearen ''zehaztasun falta'' hainbat zita eta dokumentu bertara biltzerakoan.

Abokatuaren aburuz, epaileak ''instrukzio prospektiboa''' egin du, eta hasierako jomuga zabaltzen joan da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea