Politika -
Noos auzia
Castro epaileak Tejeiro kontularia deitu du uztailaren 12rako
Castrok Noos Institutuko kontulari ohiari galdeketa egitea erabaki du, bere hitzek instrukzioa ixteko ekainaren 25ean kaleratutako autoa alda dezaketelako.
Erredakzioa
Jose Castro Noos auziko instrukzioko epaileak Marco Antonio Tejeiro deklaratzera deitu du uztailaren 12rako. Tejeriok bere aitormenean Iñaki Urdangarinen eta Diego Torresen kontra esandakoak berrestea nahi du Castro epaileak. Deklarazioa 11:30ean hasiko da.
Pedro Horrach ustelkeriaren aurkako fiskalak ostegunean eman zion epaileari Tejeiroren aitormenaren berri. Hori ikusita, Jose Castrok kontable ohiaren hitzak entzutea erabaki du, ekainaren 25ean instrukzioa ixteko emandako autoan beharrezko aldaketak egiteko.
Aldeei helarazitako auto batean, epaileak onartu egin du, Fiskaltzak eskatuta, ministerio publikoari eta gainontzeko aldeei akusazioaren idatziak aurkezteko emandako 20 eguneko epea bertan behera geratzea.
15 helegite
Gainera, Castrok bere autoaren aurka aurkeztutako 15 helegiteak ere helarazi dizkie: hiru helegite akusazioarenak dira eta beste hamabiak auzipetuetako 13k egindakoak.
Epaileak helegite guztiak batera bidaliko ditu Palmako Auzitegira, aurrez erabakitzea eskatzen duten laurak ebazten dituenean.