Politika -
'Noos auzia'
Noos enpresako kontulariak ustelkeria aitortu du Fiskaltzaren aurrean
Gainera, Urdangarinek eta Torresek erakundearen bitartez zergak ez ordaintzeko dirua desbideratu eta kontratu faltsuak egin zituztela adierazi du. Castro epaileak berriro galdekatu lezake kontularia.
Erredakzioa
Marco Antonio Tejeiro Noos institutu, elkarte eta aholkularitza-enpresako kontulariak aitortu egin ditu, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren aurrean, leporatzen zaizkion ustelkeria delituak, eta Iñaki Urdangarinek eta Diego Torresek erakundearen bitartez iruzurra egin zutela onartu du.
Kontularia akordioa batera iritsi da Pedro Horrach fiskalarekin, eta onartu egin du Urdangarinen eta Torresen aginduz fakturak puztu zituela, dirua desbideratu zuela zergak ez ordaintzeko eta kontratu faltsuak egin zituela.
Horrach Jose Castro epailearen bulegora joan da eguerdian, Tejeiroren aitorpenaren berri ematera.
Balearretako Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzari igorritako zortzi orriko idatzi batean, Marco Antonio Tejeiro "ikertzen ari diren gertakariak argitzen" laguntzeko prest agertu da, eta bere garaian ikusi zituen 20 ustelkeria delituren berri eman du.
Bertan azaltzen duenez, Torresek eta Urdangarinek elkarte sare bat osatu zuten, "nahiz eta merkatuan bakar bat bezala jokatu".
Sare hori osatzen duten enpresen artean dago Aizoon elkartea, Palmako dukeena, Iñaki Urdangarin eta Cristina infantarena. Hala eta guztiz ere, Tejeirok ez du infantaren erreferentziarik egin idatzi horretan.
Enpresa sare hori, Noos Taldea deitzen diona, Urdangarinen eta Torresen "erabateko kontrolpean" zegoen, eta Balearretako eta Valentziako diru publikoarekin etekina lortzea zuten helburu, Tejeiroren arabera.
Castrok berriro galdekatu lezake kontularia
Jose Castro Noos auziko epailea Marco Antonio Tejeiro kontularia berriro galdekatzea pentsatzen ari da, gaurko aitorpenaren ostean.
Pedro Horrach fiskalak eman dio Tejeiroren aitorpenaren berri epaileari, eta auzitegitik ateratzean, balitekeela kontularia berriro deitzea esan du Castrok.
Tejeirok Horrachi egindako ustelkeria delituen kontakizuna Castrok ateratako epaiari helegiteak jartzeko epea amaitu baino hiru ordu lehenago iritsi zaio epaileari.
Kontulariaren aitorpenak aurreikusitako prozesua aldatu lezake. Teorikoki, instrukzioko azken faseetan zegoen kasua eta, epaiketari begira, akusazioaren idazkiak aurkeztetik gertu.