Politika -

Europako Parlamentu berria

Martin Schulz izendatu dute Europako Parlamentuko presidente

Hautagai sozialdemokratak 409 boto jaso ditu; bozketan 723 eurodiputatuk hartu dute parte. 

Martin Schulz bigarren aldiz aukeratu dute Europako Parlamentuko presidente.
Martin Schulz bigarren aldiz aukeratu dute Europako Parlamentuko presidente.
Martin Schulz izendatu dute berriro Euroganberako presidente

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Schulz Europako Parlamentuko presidente izendatu dute. Bigarren legegintzaldia egingo du kargu horretan. Bozketan 723 eurodiputatuk hartu dute parte eta sozialdemokrata alemaniarrak 409 boto jaso ditu.

Schulz presidente aukeratuko zutela jakina zen, sozialdemokratak (S&D), popularrak (Europako Alderdi Popularra) eta liberalak (ALDE) akordioa erdietsi zutelako.

Europako Parlamentuaren historian lehendabiziko aldia da presidente batek kargua errepikatzen duela. Ganberan egin duen agerraldian, Schulzek esan du "gazteen langabezia dramatikoa" dela eta egoera horri buelta emateko lan egingo duela azpimarratu du, “itxaropen eza demokraziari mehatxu egiten ari baitzaio”.Euroeszpetikoen kopuruak gora egin duen legegintzaldi honetan, legearekiko eta gizakion duintasunarekiko errespetuz lan egiteko deia egin du.

"Gizakiaren duintasuna zalantzan jartzen duenak, Europako Parlamentua aurrez aurre izango du", ohartarazi du.

Martin Schulzenaz gain, Europako Parlamentuko presidente izateko beste hiru hautagaitza ere aurkeztu dira: Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiarena, Europako Ezkerraren izenean; Sajjad Karim britainiarrarena, Kontserbadoreen eta Europako Erreformisten izenean; eta Ulrike Lunachek austriarrarena, Berdeen izenean.

Iglesiasek eta Lunacek 51na boto eskuratu dituzte; Karimek, berriz, 101 eurodiputaturen babesa jaso du.

Hitzarmena

Popularrek eta sozialdemokratek lortutako akordioaren arabera, txandakako presidentetza izango da, hau da, Schulz bi urte eta erdiz izango da Ganberako presidentea eta ondoren beste batek hartu du haren tokia.

Azken hamarkadatan ohikoa izan da txandakako presidentziaren aldeko apustua Europako Parlamentuan.

Schulzen izendatzea bermatuta zegoen bilkura hasi aurretik, popularrak, sozialistak eta liberalak akordio batera heldu zirelako, "Europaren aldeko" gehiengoa osatzeko eta euroeszeptikoen gorakada "gelditzeko" asmoz.

Trukean, Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministro ohiak Europako Batzordeko presidente izateko aurkeztutako hautagaitza babestuko dute sozialistek eta liberalek.

Juncker Europako Batzordeko presidente izendatzeko bilkura uztailaren 16an izango da.

Varcarcel, presidenteorde

Bestalde, Ramon Luis Varcarcel Europako Parlamentuko presidenteorde izendatu dute lehen itzulian. 14 presidenteordetako bat da Alderdi Popularreko eurodiputatua eta aldeko 406 boto jaso ditu.

Laugarren presidenteorde bozkatuena izan da Varcarcel. Boto gehien Antonio Tajanik italarriak lortu ditu (452), ondoren Mairead McGuinness irlandarrak (441) eta ondoren Rainer Wieland alemaniarrak (437).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea