Politika -
Hizkuntza politika
Uztaritzek euskara hizkuntza ofizial izendatu du
Ipar Euskal Herrian pauso hori ematen duen lehenengo herria da. Ebazpena epaitegira eramango duela iragarri du Patrick Dallennes Baionako suprefetak.
Eriz Lotina | eitb.com
Uztaritzeko herri kontseiluak euskara hizkuntza ofizial izendatzearen alde bozkatu zuen ostegunean, Ipar Euskal Herrian pauso hori ematen duen lehenengo herria bilakatzen delarik, Kazeta.info-k, Berria-k eta Gara-k jakitera eman dutenez.
"Herriko biltzarrak azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren, euskara herriko hizkuntza ofiziala izendatzen du frantsesaren hein berean", zioen atzo bozkatutako testuak.
Erabaki hori hartzeko "euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe" izan direla argudiatu zuten kontseiluan. Gehiengoz onartua izan da euskararen ofizialtasuna: kontrako lau boto, hiru zuri eta 22 alde.
Bestalde, ebazpena "legezkoa ez" eta "Konstituzioaren aurkakoa" dela esan du Patrick Dallennes Baionako suprefetak Sud Ouest egunkarian egin dituen adierazpenetan. Horrela, erabaki hori epaitegira eramango duela jakinarazi du Dallennesek.
Sinbolikoa
Ives Matxikote Uztaritzeko hizkuntza politika zinegotziak Euskadi Irratian azaldu duenez, badakite izendapena sinbolikoa dela, baina bere garrantzia duela azpimarratu du.
"Herriko etxea euskararen ukazioa gainditu eta euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuko direla esaten ari da", goraipatu du. Prefetak erabakia atzera bota dezakeela badaki Matxikotek, baina zera ohartarazi du: "Deliberoa deuseztatuz gero ere, euskara hizkuntza ofizial gisa hartuko dugu Uztaritzen".