Politika -

Euskobarometroa

Herritarren % 75ek ez du gustuko PPk ETAren amaiera nola kudeatu duen

Bestalde, enplegua da % 72aren kezka nagusia, sei hilabetetan zazpi puntu igota. Gainera, % 77aren ustez, Urkullu "ez da ezer egiten ari" edo "ezer gutxi egiten ari da" krisiari aurre egiteko.

 

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa. Efe.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa. Efe.
Herritarren % 75ek ez du gustuko PPk ETAren amaiera nola kudeatu duen

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal herritarren % 75 PPk ETAren amaieran eta terrorismoaren ondorioekin egindako kudeaketaren aurka agertu da. % 5ek bakarrik eman dio oniritzia Espainiako Gobernuaren jarrerari, udaberriko Euskobarometroaren datuen arabera.

% 59k, aldiz, Eusko Jaurlaritzak biktimekin egindako lana balioetsi du eta % 55ek begi onez ikusten du Urkulluren Exekutiboak nazioarteko egiaztatzaileei emandako babesa.

Gainera, UPV/EHUk apirilaren 30 eta maiatzaren 19 bitartean egindako inkestaren arabera, 600 elkarrizketatuen % 31k "positibotzat" jo du Jaurlaritzak ETAko presoen eskaeren aurrean izandako jarrera. % 26k, aldiz, jarrera hori "negatiboa" dela uste du.

Azken Euskobarometroak Urkulluren Gobernuak bake eta bizikidetza arloan egindako politikari buruzko iritziak biltzen ditu, hiru alorretan banatuta: terrorismoaren biktimei emandako arreta, nazioarteko egiaztatzaileei emandako babesa eta ETAko presoek egindako eskaerei emandako erantzuna.

ETAri gaitzespena

Euskal herritarren % 59 ETAren aurka agertzen da inkestan, eta aldeko iritziek behera egin dute azken sei hilabeteetan, gutxi bada ere. % 14k ez du indarkeria justifikatuta dagoela uste, nahiz eta lehen justifikatu egiten zuten. % 10ek helburuak justifikatuta zeudela uste du, baina ez erabilitako metodoak.

Euskobarometroaren arduradunen ustez, "deigarriena ETAri ageriko babesa ematen dietenak ia desagertu egin direla da (% 0,7), EH Bilduren jarraitzaileen artean ere bai (% 3). Antzeko joera antzeman dute ETAren akatsak onartu baina jarduera justifikatzen dutenen artean (EH Bilduren kasuan, % 12k du jarrera hori).

Independentziaren inguruko referenduma

Euskadin independentziaren inguruko referenduma egitearen alde daudenen kopurua bost puntu igo da (orain % 59ren babesa du), duela sei hilabeteko datuekin alderatuta. Baietzak gutxigatik irabaziko luke galdeketa aukera Espainiatik alde egitea izanda. Europatik alde egiteko aukera aurkeztuz gero, ezetzak irabaziko luke.

Hala ere, referenduma bihar bertan egingo balitz, iritziak banatuta egongo lirateke: baietzak babes handiagoa lortuko luke % 37 (Gipuzkoan, % 46), ezetzaren aurrean (% 33). Ezezkoak Araban lortuko luke emaitzarik onena (% 44).

Independentziaren gaiak abertzaleak eta abertzaleak ez direnak argi eta garbi banatzen ditu: % 67 eta % 57, hurrenez hurren.

Enplegua, kezka nagusia

Enplegua da herritarren % 72aren kezka nagusia, duela sei hilabete baino zazpi puntu gehiago. % 87ak krisiaren eragina pairatzen duela esan du, eta % 93ak doikuntza politiken ondorioak jasaten ditu, Gainera, % 77aren ustez, Urkullu "ez da ezer egiten ari" edo "ezer gutxi egiten ari da" krisiari aurre egiteko.

Gauzak horrela, Espainiako egoera ekonomikoa "txarra" da % 84aren ustez, "erdipurdikoa" % 14arentzat eta "ona" % 1arentzat. Bestalde, eta euskal ekonomiaren inguruan ezkortasunak nagusi izaten jarraitzen duen arren (% 49), ikuspegi horrek 15 puntuko jaitsiera izan du azken sei hilabeteetan. % 5ek iritzi "baikorra" du eta "eszeptikoa" da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea