Politika -

PSOE

Rubalcabak politika utziko du

PSOEko idazkari nagusiak irailean utziko du diputatu kargua, eta unibertsitatera itzuliko da.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. EFE
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia. EFE
Rubalcabak irailean utziko du diputatu kargua

2:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak politika eta Diputatuen Kongresuan duen eserlekua utziko ditu irailean, eta unibertsitatera itzuliko da, irakasle gisa.

Rubalcabak Kongresuan egin du iragarpena, "erabaki pertsonal bat" jakinarazteko deitutako galderarik gabeko prentsaurreko batean.

PSOEko buruak goratu egin du diputatu kargua, "inportanteena eta atseginena" dela iritzita. 21 urte eman ditu Behe Ganberan.

Rubalcabaren esanetan, "askok" bazekiten politika uzteko asmoa zuela. Maiatzean, PSOEk Europako hauteskundeetan porrot egin eta gero, buruzagi sozialistak dimisioa eman zuen, eta ezohiko batzarra deitu zuen uztailerako, alderdiaren buru berria hautatzeko.

Gaur, irailetik aurrera zer egingo duen argitu du: "Irailean eserlekua utziko dut, eta nire unibertsitatera itzuliko naiz". Hain zuzen ere, Kimika Organiko eskolak emango ditu Madrilgo Unibertsitatean.

Agerraldian, Rubalcabak kazetariak agurtu ditu, eta iraileko lehen klasera ez joatea eskatu die, irribarretsu.

21 urtez diputatu

Alfredo Perez Rubalcaba 1993. urtean iritsi zen Diputatuen Kongresura, eta harrezkero beti izan da diputatu. Gainera, beste hainbat kargu izan ditu: Hezkuntza eta Zientzia ministro (1992-1993), Presidentzia ministro (1993-1996), Talde Sozialistako bozeramaile (2004-2006), Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaile (2011) eta Barne ministro (2006-2011).

PSOEko idazkari nagusi 2012. urtean izendatu zuten, Sevillan egindako batzarrean Carme Chaconi nagusitu eta gero.

Aurtengo maiatzaren 26an, dimisioa eman zuen, eta PSOEk uztailean hautatuko du horren ordezkoa. Eduardo Madina bizkaitarra da faboritoa.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak PSOE Aldaketa PSOEn bideoak