Politika -
Noos auzia
Cristina infanta, auzipetuta: Eta orain, zer?
Castro epaileak ikerketa bukatu du, eta orain Fiskaltzak eta akusazioek epaiketa egin edo ez eskatu behar dute.
Erredakzioa
Jose Castro instrukzio-epaileak amaitu egin du Noos auziko ikerketa, eta 16 pertsona auzipetu ditu; tartean Cristina Borboikoa (Felipe VI.a Espainiako erregearen arreba) eta Iñaki Urdangarin haren senarra.
Orain, Fiskaltzak, akusazio partikularrek (Estatuko eta Balearretako Abokatutzak) eta herri akusazioek (Manos Limpias sindikatua eta Valentziako Udaleko Talde Sozialista) zigorrak zehaztu eta ahozko epaiketa abiatzea edo auzia ixtea eskatu behar dute. 20 eguneko epea dute zeregin horretarako.
Gainera, defentsek helegitea jar dezakete: erreforma helegitea, Castro epailearen aurrean, edo apelazio helegitea, Palmako Auzitegian.
Helegiteak ebatzi eta gero, eta auziak aurrera eginez gero, Palmako Auzitegiak epaiketaren data jarri beharko du. Egitekotan, 2015. urte amaieran edo 2016. urte hasieran abiatu liteke.