Politika -

Ikerketa batzordea

Epsilonek ez zituen 48 milioi euro jaso, Villadelpraten arabera

Epsilon Euskadiko administratzaile orokorrak adierazi duenez, zifra horri buruz aritzean "hainbat kontu nahasten" direla. Ana Aguirre Industria sailburu ohiak ere deklaratu du ikerketa batzordean.

Joan Villadelprat, batzordera heltzean. Argazkia: EFE
Joan Villadelprat, batzordera heltzean. Argazkia: EFE
Villadelprat: 'Epsilonek ez zituen 48 milioi jaso'

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan Villadelprat Epsilon Euskadiko administratzaileak esan duenez, Epsilon-Euskadi proiektuak (Formula 1eko euskal taldeak) ez zituen 48 milioi euro jaso, Jose Ignacio Martinez Churiaque Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko presidenteak adierazi zuen legez.

Villadelprat ikerketa batzordean izan da, Epsilon enpresak jasotako laguntzen inguruan jarduteko. Aurkeztutako txostenen artean, Epsilonek jasotako laguntza guztiak -Madrilgo Gobernukoak zein Gasteizkoak- 48 milioi eurokoak izan ziren.

Hedabideen aurrean aritu da batzordetik irtetzerakoan eta akziodunek galdu duten diruari buruz ez dela "inoiz" hitz egiten eta ikerketa batzordeko txostenetan azaltzen den 90.000 euro baino askoz gehiago direla, 6 eta 8 milioi euro bitartekoak baizik. "Hori gutxi bada, ez dakit", gaineratu du.

Jose Ignacio Martinez Churiaque Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko presidenteak 48 milioi euroko diru-laguntzak jaso zituztela adierazi zuen eta hori gezurtatu du. Zifra horri buruz aritzean "hainbat kontu nahasten" direla esan du.

"Denboran iraun duen proiektu bat aurrera eramateaz harro nago eta krisiak txikitu gaituen arren, erakin bat gelditzen da eta 40 milioi euro balio dituen proiektu bat", amaitu du.

"Zorigaiztoko porrota"

Ana Aguirre Ibarretxeren gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu ohiak azaldu du, operazioan parte hartu ez zuen arren, Epsilo-Euskadi proiektuari emandako 16 milioi euroak "interes orokorrari" zegokiela eta Arabako parke teknologikoak ez duela "galera patrimonialik izan", instalazioen "balio estrategikoari" esker. Horrela, proiektua "zoritxarrez, porrot" egin zuela baina ez zela Eusko Jaurlaritzaren erabakiengatik izan. Planteamendu hori "sinplista" dela adierazi du: "gobernuak apostu bat egiten badu eta apostu porrot egiten badu, ezin da esan gobernua erratu egin zela".

"Politika industrialean apostuak egin behar dira. Askok zalantzan jarri zuten, baina gobernuak ez balu horien alde egin bere momentuan, ez genuke lortu dugun garapen emankorra lortuko", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea