Politika -

Elkarrizketa Euskal Telebistan

Juan Carlos I.a forudun egiteko 'ezkutuko' legea kritikatu du Urkulluk

Bestalde, Mariano Rajoyrekin duen harremana aztertu du lehendakariak. "Formetan atsegina da, baina emaitza praktikorik gabe", adierazi du Urkulluk ETB2n egindako elkarrizketan.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Urkullu: 'Erregearen figura anakronikoa den ala ez aztertu behar da'

3:12

ERIZ LOTINA / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a forudun egiteko legearen tramitazioan "presa" ikusten duela azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Presa hori "Legearen aurrean denak berdinak garela dioten hitzaldiekin bat ez" datorrela erantsi du, eta Kongresua "ezkutuko" aforamendua aurrera ateratzen ari dela kritikatu du.

Lehendakaria ETB2n elkarrizketatu dute. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak, guztiak forudunak, EAEko Auzitegi Nagusiaren aulkian eseri zirela gogorarazi du Urkulluk. "Gu akusatuen aulkian eseri gaitezke, baina hemen beste mota bateko aforamenduaz hitz egiten ari dira: erabateko immunitatea zuen eta biziarteko forudun berezi izatea nahi dute orain", azaldu du.

Horren harian, euskal eskubide historikoak aintzat hartzeko, erregeak Euskadira bisita egitea "keinu ona" izango litzatekeela adierazi du. Gainera, Euskadi eta Katalunia Felipe VI.aren kezka nagusien artean daudela uste du lehendakariak.

Hala ere, Felipe VI.ari Euskadira etortzeko gonbita ez diola egin zehaztu du Urkulluk, baina erregeak erabakia hartzeko boterea duela erantsi du. Lehendakariaren hitzetan, eskubide historikoak aintzat hartzeko "keinu ona" izango litzateke.

Bestalde, Espainiako erregearen figura "anakronikoa den ala ez" eta "garaietara egokitzen den" aztertzea eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Erakundeak "herritarrengandik hurbil kokatu" behar direla erantsi du Urkulluk. Horretarako, herritarrek "erreferendum baten bitartez" iritzia eman beharko luketela gaineratu du.

Felipe VI.aren koroatzean "berez sentitu" zuena ezin duela azaldu du EAEko buruzagiak. "Hotza izan banintzen edo ez, eztabaida hori bada, orduan Estatua oso gaizki dago", esan du.

Ekitaldian "euskal erakundeetako ordezkari gisa" izango zela aurretik ohartarazi zuela gogorarazi du lehendakariak, eta "adeitasunez" jokatu zuela azpimarratu du.

Harremana Rajoyrekin, "emaitza praktikorik gabe"

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin duen harremana ere aztertu du lehendakariak. "Formetan atsegina da, baina emaitza praktikorik gabe", adierazi du Urkulluk. "Elkarrizketa askorik gabeko harremana da, efektu praktikorik gabea, baina ez dut etsiko, akordioak lortzen saiatzea ona eta beharrezkoa delako".

Urkulluren ahotan, 34 urte geroago, "Estatua uniforme bihurtzeko Espainiako Gobernuaren estrategiak" aurrera jarraitzen du. Gernikako Estatutua osorik "betetzeke" dago, gogorarazi du. "Ituna izan ote zen", galdetu dio PPri; izan ere, "34 urte geroago bete gabe jarraitzen dute".

Eduardo Madina edo Pedro Sanchez PSOE zuzentzeko hautagaien artean aukeratzeko eskatu diote lehendakariari. Alderdi politikoen erabakietan sekula ez dela sartuko esan du Jaurlaritzako buruak, baina sozialistek "euren eztabaida" laster amaitzea espero duela erantsi du.

Autogobernua

Gasteizko Ganberan adostutako agiriarekin "bukaerara arte" helduko dela errepikatu du Urkulluk.

Lehendakariaren arabera, "desberdinen arteko gizarte bat eraikitzeko esfortzuak merezi du". Horrela, abertzaleen eta konstituzionalisten arteko akordio baten aldeko apustua egin du. Ondorioz, EH Bildurekin soilik adostasuna lortzea baztertu du buruzagiak.

Autogobernua lantzeko batzordearen metodologia defendatu du Urkulluk. Talde politikoak "gizartearen aurrean azaltzea" nahiago du lehendakariak, berak ekimen bat aurkeztea baino.

ETAren armagabetzea

ETAri "baldintzarik gabeko desarme txukuna" eta egindako kaltea onartzeko eskatu dizkio. Hala ere, "beste espetxe politika batek" lagundu beharko liokeela nabarmendu du. Estatuak presoak "birgizarteratu" behar dituela gogorarazi du.

ETAren armagabetzea eta presoak "politikarien eguneroko lanean daude, nahiz eta horren antzik ez eman", esan du. "Biktimen edo presoen inguruko eztabaidak errepikatzen dira Eusko Legebiltzarrean, baina erakunde terroristaren existentziak guztia baldintzatzen du, nahiz eta duela bi urte eta erdi ekintza armatua behin betiko laga, baldintzarik gabeko armagabetze txukuna egin eta egindako kaltea onartu behar ditu", adierazi du.

Krisi ekonomikoa

Euskal aurrezki-kutxak fundazio bihurtzeko prozesuaren inguruan, EH Bildu, ELA eta LAB "sortzen ari diren alarmismoa kezkatuta" jarraitzen ari dela esan du lehendakariak. Kutxak garaian garaiko arauetara egokitzen joan direla defendatu du Urkulluk, "eta ez dute kaudimenik eta gizartearekiko loturarik galdu". "Kutxak fundazio bihurtzen direnean, konpromisoa bermatuko dute gizarte ekintzarekin", adierazi du.

Gipuzkoako kutxaren jarrera dela eta arazoak baldin badaude, Eusko Jaurlaritzak "esku hartu" beharko duela azaldu du lehendakariak.

EAEko langabezia datuei dagokienez, bigarren seihilekoan lanpostuen deuseztapena geldiaraztea espero du lehendakariak. Lanbidek hileko 1.000 langabe gutxiago izan ditzakeela uste du.

San Joan sua

Krisi ekonomikoaren ondorioak San Joan suan kiskaliko lituzkeela adierazi du Urkulluk. "Urte eta erdi luze honi" su emango liokeela esan du, eta "iraganera begiratzen duten eztabaida errepikariak" ere sutara botako lituzkeela gaineratu du.

Azkenik, Brasilgo Munduko Txapelketan ez duela talderik esan du lehendakariak, "ez baitu Euskadik jokatzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria