Politika -

Espainia-Katalunia

Masek referenduma egiten ez badu, Rajoy harekin bilduko da

Rajoyk esan du ez duela utziko referendum ilegala deitzen, ezta nazio subiranotasuna apurtzen ere. Hortik aurrera, egin nahi diren planteamendu guztiak entzungo omen ditu.

Mariano Rajoy. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, “ez dago aldaketarik Kataluniaren egoeraren inguruan, Artur Mas Generalitateko presidenteak Konstituzioaren aurkako kontsulta defendatzen jarraitzen baitu”. Hala ere, Masek referenduma bertan behera utziko balu, berarekin bilduko litzatekeela adierazi du Rajoyk.

Poloniako Gdansk udalerritik aritu da Rajoy Kataluniaren egoerari buruz, Donald Tusk Poloniako lehen ministroarekin izango duen goi-bilera baino lehen.

Hedabideetan argitaratutako inkesta batean azaldu denez, Kataluniako herritarren gehienek Espainiako Gobernuaren keinuren bat nahi dute. Baina horren harira Espainiako presidenteak esan du ez dela ezer aldatu, eta berak ez duela utziko referendum ilegal bat egiten, ezta nazioaren  subiranotasuna apurtzen ere. Hortik aurrera, egin nahi diren planteamendu guztiak entzuteko prest omen dago. "Baina planteatu diguten bakarra hori da. Eta beste inork beste ezer planteatu nahi badu, egin dezala. Baina orain arte mahai-gainean jarri duten bakarra referenduma deitzea izan da,  eta hitz egin gabe, modu unilateralean", gogoratu du Rajoyk.

Ondoren Masi zuzendu zaio: "Mundu guztiak esan dio Mas jaunari referenduma ilegala dela. Eta orain ez egiteko prest badago, nik entzungo diot. Beti egon naiz entzuteko prest, baina bere nahia bada besteok berak nahi duena egitea, oso zaila izango da. Kontuan hartuta, gainera, ilegala dela ".

Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du berak eta espainiar gehienek oso argi dutela: Konstituzioa errespetatu behar da eta bereziki Konstituzioaren mamia, hau da, subiranotasun nazionala. "Espainia nazio bat da eta ez nago prest nazio izateari utz diezaion. Ni presidente naizen bitartean ez da halakorik gertatuko", gaineratu du.

Auzitegi Konstituzionalak eta Kongresuak referenduma ezin dela Katalunian egin esan ostean, Katalunian berritasunik ez dagoela esan du Rajoyk, eta berak legeak beteko dituela eta betearaziko dituela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea