Politika -

Felipe VI.aren koroatzea

Desfilean zehar bandera errepublikanoak erakustea ekidingo du Poliziak

Bestalde, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Sol eta Neptuno arteko martxa errepublikanoaren debekua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bandera errepublikanoak erakustea ekidingo du Poliziak ostegun honetan, Felipe VI.a errege berriak tronua hartu ostean Madrilgo kaleetan zehar egingo duen desfilean zehar. Bestalde, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Sol eta Neptuno arteko martxa errepublikanoaren debekua.

Polizia Zuzendaritza Nagusiak Estatuko Abokatutzari txostena eskatu dio eta, bertan, Abokatutzak bermatu egiten du Polizia agenteek bandera edo sinbolo errepublikanoak daramatzaten herritarrak desfilera sartzea galaraztea, Polizia iturriek Europa Press agentziari jakitera eman diotenez.

Iturri horien arabera, Herritarren Segurtasunerako 1/1992 Lege Organikoa aipatzen da txosten horretan. Zehazki, kalean istiluak ekiditeko modua jorratzen du legea horrek. Hala, iturri horiek azpimarratu dute ostegun honetan erregearen eta monarkiaren aldeko lagun ugari bilduko direla Madrilen eta, ondorioz, horien kontrako lagunak ere biltzea segurtasun eta ordena publikoko arazoak eragin ditzake.

Iturri horiek diotenez, politika hori bera jarraitu ohi da jendetza biltzen duten mota horretako beste ekitaldietan eta, zehazki, kirol ekitaldiak jarri dituzte adibide. Horietan, kontrako zaleak bananduta mantendu ohi dira, segurtasunagatik, iturri horiek adierazi dutenez.

Aipatu arrazoi horietan oinarrituta, eta Estatuko Abokatutzaren bermea lortuta, Polizia Zuzendaritza Nagusiak operatiboan parte hartuko duten agenteei agindu die ekiditea bandera edo sinbolo errepublikanoak zein monarkiaren kontrako mezuak daramatzaten lagunak desfile horretan egotea.

Debekatu egin dute Soleko protesta

Bestalde, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Sol eta Neptuno arteko martxa errepublikanoaren debekua. Zehazki, Gobernuak Madrilen duen ordezkaritzak debekatu du Sol eta Neptuno artean ostegun honetarako deitutako protesta.

Cristina Cifuentesen sailaren hitzetan, manifestazioa debekatu beharra zegoen, ordena publikoaren nahasmendua egoteko oinarridun arrazoiak daudelako.

Auzitegiak bat egin du horrekin eta, hala, ez du aintzak hartu protesta deitu duen Koordinakunde Errepublikanoak jarritako helegitea.

Sergutasun neurri handiak

Segurtasuna bermatzeko, Barne Ministerioak espazio gaineko mugak areagotuko ditu, alerta terrorista igoko du eta Madrileko sarreretan kontrolak egingo ditu.

Alerta terrorista 3. mailara igoko dutenez, Estatuko Segurtasun Indarretako erreserba eta unitate bereziak kalean izango dira.

Segurtasun arduradunek arreta berezia jarriko dute pertsona ugari biltzen diren lekuetan eta "oinarrizko egituretan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Non dago errege emeritua gaur? Espainiako Felipe VI.a bideoak