Politika -

Pariseko Auzitegia

Frantziak Ozaeta, Suberbiola eta Salaberria zigortu ditu

Ainhoa Ozaetari 20 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Frantziako Justiziak, ETAko buruzagia izateagatik. Igor Suberbiolari 16 urteko kartzela-zigorra ezarri diote, eta 12 urte Jon Salaberriari.

Igor Suberbiola atxiloketaren unean, Bordelen (Frantzia). Artxiboko irudia: EiTB
Igor Suberbiola atxiloketaren unean, Bordelen (Frantzia). Artxiboko irudia: EiTB
Frantziak Ozaeta, Suberbiola eta Salaberria zigortu ditu

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Ozaetari 20 urteko espetxe-zigorra ezarri dio gaur Frantziako Justiziak, ETAko buruzagia eta estortsio azpiegitura batzuen arduraduna izateagatik. Bestalde, Igor Suberbiolari 16 urteko kartzela-zigorra ezarri dio, ETAren zuzendaritzako kide eta talde politikoko arduraduna izateagatik.

Era berean, Pariseko Auzitegiak Jon Salaberria erruduntzat jo du eta 12 urteko espetxe-zigorra ezarri dio. Talde politikoan, Suberbiolaren konfiantzazko gizona izatea egotzi dio epaimahaiak. Hirurak Javier Lopez Peña Thierry-rekin batera atxilotu zituzten Bordelen, 2008ko maiatzaren 20an.

Jacqueline Audax auzitegiko presidenteak azaldu duenez, hirurek zigorren bi herenak bete beharko dituzte espetxean, kartzelaldia arintzeko neurriak lortu baino lehen. Gainera, zigorrak bete eta gero Frantziatik behin betiko kanporatuko dituztela erantsi du Audaxek.

Audaxen hitzetan, auzitegiak Ozaeta Kuraia (39 urte) erruduntzat jo du. 10 bat delitu leporatzen zizkioten. Erakunde terroristako buruzagia zela frogatutzat jo du epaitegiak. Era berean, iraultza-zerga kobratzeko estortsio sarean ardura izateagatik zigortu dute.

Bestalde, Suberbiola Zumalde Kartxi-k (35 urte) eta Salaberria Sansieneak iraultza-zerga kobratzeko enpresaburuen aurkako ekintzetan parte hartu ez zutela uste du auzitegiak. Zentzu horretan, frogarik ez dagoela erabaki du Pariseko epaitegiak.

Jean-François Ricard fiskalaren esanetan, Kuraia eta Kartxi atxilotu zituztenean ETAren "lau edo bost" buruzagi nagusietako "bi" ziren. Agintaritzan hiru urte zeramatzatela azaldu du.

Ricardek azpimarratu duenez, ETAren "erabaki garrantzitsu guztietan" inplikatuta egon ziren biak. 2007-2008 "fanatismo" epean, ETAk su-etena bertan behera utzi eta atentatuekin eta hilketekin "muturrera jo" zuenean, biak erakundeko buruzagiak zirela nabarmendu du fiskalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak