Politika -

26/11 auzia

Absolbitutako 40 gazteek epaia konponbidean urratsa izatea espero dute

Bestalde, "mendekuan baino justizian oinarritutako etorkizuna" eraikitzeko lan egingo dutela adierazi dute.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Justizian oinarritutako etorkizunaren alde egin dute absolbituek

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segiko kideak izatea egotzita epaitu eta atzo Auzitegi Nazionalak absolbitu zituen 40 gazteek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, eta absoluzio epaia konponbidean urratsa izango denaren esperantza azaldu dute. Halaber, "mendekuan baino justizian oinarritutako etorkizuna" eraikitzeko lan egingo dutela adierazi dute.

"Libre" zioten laranja koloreko kamisetak jantzita agertu dira kazetarien aurrean, Iruñan. Bihar gazteen abokatuek egingo duten epaiaren balorazio juridikoaren zain, epaiak "tortura, militantzia politikoaren kriminalizazioa eta Auzitegi Nazionaletik gidatutako gerra estrategia" agerian uzten ditu gazteen arabera.

Carlos Renedok eta Itxasok Torregrosak ohar bat irakurri dute, gazteleraz eta euskaraz, hurrenez hurren. "Poliziaren errepresio jarraitua, erbestea, tortura, kartzela eta dispertsioa pairatu ditugu. Epaia estrategia horren amaierara bidean pauso bat izatea espero dugu", adierazi dute. Bestalde, justizian oinarritutako etorkizuna eraikitzeko lan egingo dutela gaineratu dute.

Konponbidea lortzeko prozesuan, eta "justizian oinarritutako eszenatoki bat lortzeko, konponbidearen zubia gurutzatzeko, presoak eta erbesteratuak etxeratzeko, epaiketak amaitzeko eta justizia eta egia gailendu daitezen lortzeko" eragile aktiboak izateko konpromisoa agertu dute.

Gazteen iritziz, prozesu judizial hori "bakea lortzeko pauso bat" izan daitekeela pentsatzeko arrazoiak badaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea